Lezo

Jone Forcadari

Agustina Pontesta Garmendia
2025eko urriaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zein zaila den adiskide batez mintzatzea eta batez ere berarekin zordun garenean.

Zeinen handia izan zaren, Jone! Bizitza osoan etengabeko militantzian. Inor aktibista izan bada, zeu izan zara azkenera arte. Injustizia non, Jone beti han.

Anonimotasunean pasatzea maite zenuen, jendartean ibili nahiago izaten baitzenuen, baina askotan ezinezkoa izaten zen. Oso gogoan dut Jose Luis zendu zenean eta zuri zegokizunean haren aipamen-sari edo dena delakoak jasotzea, batzuetan nola ahalegintzen zinen ezkutatzen jendartean burumakur, lotsaturik, eta bestetan, zure esker oneko hitzak ez ziren nolanahikoak izaten, alafede!, bihotzetik jaurtiak, hunkigarriak bezain bikainak.

Horregatik diot oraingoan ere biziki haserretuko zinatekeela egun hauetan komunikabideetan zuri buruzko mezuak irakurritakoan, baina zu izan zaren bezalako emakumeak merezi du, eta nik ere zerbait esan eta eskertu nahi dizut, era berean, egindako eta irakatsitako guztiagatik.

Lehenik eta behin, Jose Luisen borroka-kide izanez eta, gero, zure etxeko euskaltzaletasunak bultzaturik, Donostiako Ikastolaren sortzaileetakoa eta lehenengo andereñoetakoa izan zinen. Hor murgildu zinen Hendaiako ikastola sortzen eta bertan lanean, Seaskan... euskal irakaskuntzan. Gero etorriko ziren euskalgintzako beste hainbat borroka gune, esate baterako, UEUren eta EHEren sorreran... Donostiako Bagera euskaltzaleen elkartean euskarazko klaseak ematen Mintzalagunen taldean (ongi oroitzen naiz zure talde batekin Nafarroako Izaban elkarrekin pasa genituen egun haiek, adibidez). Beti, orduan hasitako bideari eutsi diozu, euskara irakasten jarraitu baituzu orain arte, etxetik ateratzeko zailtasunak zenituenean ere, teknologia berriez baliatuz. Beti prest! Hori da indarra eta kemena zurea!

Bestalde, Herri honen aurkako injustiziarekiko borroka guztietan murgiltzen zinen buru-belarri, eta jasanezina zitzaizun epaileek euskararekiko hartutako erabaki ororen aurka altxatu, eta protesta guztietan hantxe azalduko zinen, bai presoekiko aldarrikapenetan edo ekologiarekin zerikusia zutenetan, AHTaren aurkakoetan; emakumeen aldeko aldarrikapenetan; heriotza duinaren aldeko borroketan; eta azken aldiotan Palestinaren aldeko protestetan. Hitz batez, herriaren aurka doan zernahi injustiziaren aldeko ekimen guztietan parte hartuz.

Bizitza luzea bezain oparoa eta emankorra izan duzu, pentsatzen zenuenarekin kontsekuente izanik, eta, azkenean, mundu honetako bidaia zuk nahi bezala duintasunez bukatuz. Beraz, oraingoan iritsi zaizu partitzeko tenorea. Har ezazu merezitako atsedena, bakean eta lasai.

Mila esker, andereño! irakatsitako guztiagatik eta zure bizitzako azken egunetan ere zu agurtzeko ohorea eman didazulako. Muxu handi bat zauden tokira. Biba zu!

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.