Azaroaren 1ean hil zen Jose Maria Faus Yurrita ornitologoa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea izandakoa, Ordizian. Lerro hauen bidez, gure faunaren ezagutzan eta ikerketan egindako lan izugarria eta garrantzitsua gogoratu eta eskertu nahi dugu. Aranzadiko Ornitologia saileko eta geroago Ornodunen saileko arduradun nagusia izan zen hainbat urtez. Halaber, Aranzadi Espainian hegaztiei eraztunak ipintzen hasi zenean, Fausek beste kideekin batera Iberiar penintsulako hegaztien lehenengo eraztuntze bulegoa sortu zuen. Ordizia mailan Estudio de los valores naturales del Parque de Oianguren (1989) azterketaren egileetako bat izan zen. Eta Aralarren inguruan ere ikertu zuen, horren adibide da Montes de Enirio-Aralar artikulua (1978) eta Aranzadiko Ornodunen lantaldean egindako Estudio de los vertebrados de la Sierra de Aralar. Horrez gain, Euskal Herriko hainbat natur eremutako ikerketetan parte hartu zuen: Oñatin, Mendatan, Txingudin, Gorbeian eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ornodun Kontinentalen Atlasean ere lan egin zuen. Hari esker, asko ikasi dugu gure inguruko faunaz, eta hegaztiez bereziki, eta haiek babesteko beharraz. Familiari gure doluminak helarazten dizkiogu. Jose Mari gure oroimenean egongo da.
Landarlan ingurumen elkartea
Jose Maria Faus ornitologoa oroituz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu