Aurreko otsailaren 23an Gasteizko diskoteka bateko atezain batek Kerman Villate Beitia hil zuen ukabilkada batez. Instrukzio epaileak, datuak eta frogak ikusita, hilketa moduan ikusi zuen prozesua, eta hiltzailea kartzelatu.
Orain, fiskalak esaten du atezainak ez zuela hil nahi, kolpe bat eman ziola baina hortik ezin dela ondorioztatu hil zezakeenik, hiltzeko asmorik zuenik. Alegia, istripu bat izan zela. Zuk Ferrari bat hartu eta Gasteizko kaleetatik orduko 100 kilometroko abiaduran zoazenean inork ezin du ondorioztatu pertsona bat hiltzeko asmorik duzunik... kotxeak ez baitira hiltzeko tresnak; 1,80 metroko altuera eta 145 kilo gihar pisatzen, egunero pisuak altxatzen eta defentsa eta erasorako prestakuntza dituen atezaina ez den moduan... harik eta hiltzen zaituen arte.
Fiskalak, gainera, atezainak kolpea ate ondoan eman ziola dio, lantokian, baina sareetan eta ETBn ageri diren irudiek argi erakusten dute kolpea atetik hamar bat metrora izan zela, zaintza kamera ezkutatzen duen zutabe baten ostean. Eta atezainak, idatzita ez dagoen protokolo bati jarraituz, zerraldo lurrera erortzen ikusten den Kermani kasurik egin gabe, jakin gabe ondo konorterik gabe edo hilda dagoen, alde egiten duela. Ferrariko gidariak kotxearekin jarraitu eta bost kale aurrerago geldituz egingo zukeen moduan... Eta hori ez dela laguntzarik eza.
Mitika diskotekako atezainak, Kermanen hiltzaileak, bi abokatu ditu prozesu honetan, berea eta fiskala, eta horrela ez dago justizia egiterik.