Lekeitio

Kirola eta euskara

Manu Zarragoitia Zapirain
2025eko abuztuaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtero, udan, gure herriak eta itsasoak lotzen dituen kirol batekin gozatzen dugu, telebistarekin edota irratiarekin geure taldea ikusi edo entzun eta animatuz; batzuetan gozatzen, besteetan sufritzen, ikusle eta entzule guztiok geure trainerua bultzatzen.

Portuetan jaio eta bizi izan garenok gazte garaian portuan ibili gara potin edo batel tartean, batzuetan arraun birekin, toleta eta estrapua, besteetan singan arraun batekin, jolasean, igeri edota arrantzan. Geroago, helduagoak izanik, herriko txalupan enbarkatzen ginen mutil txiki (txo) bezala; «txo ekarri», «txo eroan», txo…. Denen aginduetara eta beti hizkuntza bakarrean (geure hizkuntza zaharra).

Aurtengo Zarauzko traineruen banderak irabazle argi bi izan ditu egun bietan; nesken aldetik Donostiako Arraun Lagunak, gustura eta gozatzen egon nintzen ikusten baita entzuten ere, nola euren patroiak (Joana) bere kideei aginduak ematen zizkien, dena euskaraz; eta baita, bat-batean, entzuten ziren entrenatzailearen aholkuak, euskaraz hauek ere. Mutilen arteko lehiak kolore bakarra izan zuen egun bietan: horia. Orioko Arraun Taldeak ikuskizun ederra eman zigun, garbi eta indartsu arraunean, gozamena; baina patroia (Gorka) entzuterakoan beren mutilei aginduak ematen nire gozamena txikituta geratu zen, tutik ere ez euskaraz; eta bat-batean, beren entrenatzailearen aholkuak, berdin, den-dena erdaraz, kasu bietan pena edo tristura eman zidan. Chapeau kirol mailan!

Gustua da euskal telebistako aurkezleak (Olazabal, Gaztañazpi eta abar) entzutea, erdaldunekin elkarrizketak erdaraz (bai jauna), beste guztiekin geure hizkuntza ederrean. Jarraitu dezatela horrela.

Mila bederatziehun ta lehenengo urtean gure Benito Lertxundiren kanta ederrean aipatzen diren Manuel Olaizola, Loidi, Uranga, Atxaga, Manterola eta parte hartu zuten guztietako tripulazioak Orioko barran harrapatu zutenean balea seguru nago geure euskara izan zela hizkuntza bakarra (aginduak eta oihuak balea erraldoia harrapatzeko).

Kirolzaleok gutxitan daukagu aukera nahiz kirolariak nahiz entrenatzaileak entzuteko euren jardunean (eskerrak den-denei), arrauna da horietako bat, eta kirol honek bere edertasunean milaka eta milaka jarraitzaile ditu; ikusten eta entzuten ditugunean goi mailako kirolariak, aginduak, oihuak, aholkuak ematen. Eredu bihurtu daitezke, bai zaharrontzat bai gazteontzat. Gure hizkuntza zahar eta ederra zaindu eta bultza dezagun estropadaz estropadaz, paladaz paladaz. Gora arrauna eta gora euskara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.