80ko hamarkadan, Europar Batasunean sartu aurretik, Europarekiko atzerapen teknologikoaren sentimendua nabari zen estatuan; izan ere, nire ustez, diktadura frankistan, Europako herrialde aurreratuenekiko distantzia ez zen murriztu, nahiz eta industrialde handia sortu. Garai hartan, lanbide-heziketak ez zuen hurbiletik ere gaur egun duen errekonozimendu soziala. Baina hori, batez ere 90eko hamarkadan, hezkuntza-erreformen ondorioz, aldatuz joan zen eta lanbide-heziketa hobetuz joan zen. Ikuspegi horretatik, logikoa zen pentsatzea sektore batzuetan behintzat lehen mailako enpresak izango genituela, gertatu den bezala. Enpresa horien artean badago puntu beltz bat giza eskubideen urraketarekin bat datorrena. Esate baterako, CAFek, Eusko Jaurlaritza akzioduna izanik, irabaziak handitzea lortu du, Jerusalem ekialdeko tren arinaren eraikuntzan eta mantentze-lanetan parte hartzeagatik, kolono israeldarrek okupatutako eremuetan eraikitako asentamenduak elkartzen baititu. Horregatik, Nazio Batuek eta gobernuz kanpoko erakundeek egindako txostenetan salatu da tren horren eraikuntzak giza eskubideak urratzen dituela. Horri gehitu behar zaio enpresa horrek lortu duen kontratua Europako tren-enpresa nagusiek, hala nola Alstomek edo Siemensek, tren hori egiteari uko egin ondoren etorri dela. Ondorioztatzen dut lehen nabaritzen zen konplexua teknologikoa ote zen; orain, behintzat batzuentzat, etikoa dela esan daiteke.
Andoain
Konplexu teknologikotik etikora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu