Saharako beduino zahar batek dioenez, gamelua 33 urte, hiru hilabete, hiru aste eta hiru egunez bizi da, lehenago aizto batek lepoa mozten ez badio. Adin horretara heldu eta gameluak 33 urte, hiru hilabete, hiru aste eta hiru egun dituen egunean bazka bila aterako da basamortura, baina ez da berriz itzuliko. Deyar edo gamelu-bilatzailea gameluaren xerka abiatuko da, eta akazia baten gerizpean kausituko du etzanda, jakinik ere ez dela sekula berriz jaikiko: gamelu zaharrak bereak egin ditu 33 urte, hiru hilabete, hiru aste eta hiru egun bete dituelarik.
Aurki, otsailaren 27an, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak 50 urte beteko ditu sortu zenetik; agian 50 birilbilak ez digu uzten ohartzen dataren neurriaz eta larriaz. «Mende erdia» erraz da erraten, baina 50 urte 1.500 hilabete, 2.700 aste edo 18.250 egun ez da aise ahoskatzen.
50 kopuruaren biribilari darion kutsu epiko-erromantikoak ez dezala estali egoeraren larria; aitzitik, balio beza autodeterminazio eskubidearen aldeko deiadarra suspertzeko eta aitzina egiteko, alegia, Trump tranpatiak sustatutako autonomia plan aizuna baztertzeko eta independentziarako aukera zabaltzeko.
Saharako beduino horren gamelu zaharra aspaldi hil zen, eta beduinoak berak, duela lau urte gerra berpiztu zenez gero, zona askatuetatik ihes egin behar izan zuen Marokoren droneen beldur; orain bertze milaka sahararrekin batera errefuxiatu kanpamentuetako batean bizi da, bizimodu berrira laketu nahian eta Mendebaldeko Saharara noiz itzuliko zain. Quousque tandem?