ZUZENDARIARI

Miragarriak eta arrarotxoa

Errenteria.
2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Atzo, Korrika miraria egin genuen Errenterian. Milaka eta milaka. Mirari orokor horren barruan milaka mirari txiki eder esanguratsuak. Horietatik hiru nahi ditut orain azpimarratu.

1.- Korrikan egiten diren pankarta guztien artean sariketa antolatuko balitz, gure herriko elizaren paretan zintzilik dagoenari emango nioke lehen saria. Honela dio: «Herriko baldarrak euskararen alde». Hauek dira nire bi arrazoiak: lehena edukia eta forma modu perfektuan lotzen dituelako. Baldarrak egindako pankarta da, eta, horregatik, pankarta austeroa da, lan gutxirekin egina. Hartu plastikoa,errotuladorea eta letrak idatzi. Letra handiz, ikus dadin, nahiz eta handiak izanik lan pixko bat gehixeago eman. Baina pankarta ardotxo batzuen laguntzarekin egin zen. Baldarra bada, austero eta txukun. Bigarren arrazoia hauxe da: baldarrak baldin badaude euskararen alde, akabo malefizioak! Euskara zaila dela... galdetu Errenteriako baldarrei; euskarak lan asko eskatzen duela... galdetu baldarrei. Lehen saria merezi dute Errenteriako Baldarrek.

2.- Laila marokoarra da, euskaltegian dabil, eta bere 9 urteko alaba euskalduna Lorea da. Gure herriko emakume taldeek hartutako kilometroan Lailak eta bere alabak eraman zuten lekukoa. Minutu batzuk lehenago Zintzilik irratian elkarrizketa egin zieten biei. Besteak beste, hau esan zuten. Lailak: «Hemen nago, haluzinatzen. Izugarria da sentimendua. Ni nago hemen emakumeak ordezkatzen, eta bereziki emakume musulmanak. Loreak: «Gora gure euskara!».

3.- Korrikako furgonetan zihoan Arrosako Jon, irratian Herri aske lantzen dabilen laguna. Berak ez zuen handik ikusi baina...Gertatu zen. Azken hiru hilabeteetan jaiotako haurtxoak, aitona-amonen babesean, ama-aitaren besoetan egon ziren Korrikaren kanta, jauzi, oihu, eztanda eta pozaren erdian lo. Esanez bezala, aurrera euskaldunak; gugan duzue zuen etorkizunaren deia. Kosmosaren abarrotsaren erdian, lasai segi.

Gaur, martxoak 22, Korrikak Lezo, Pasaia zeharkatu ondoren, eta Donostiako kaleak, Altzatik hasita, zeharkatuz Korrika itzela osatzen ari zen bitartean... arrarotxoa Errenterian. Hauxe, hain zuzen. Atzo milaka pertsonaz osatutako zutabea Fanderia auzoan barrena ibilitako leku berean, errepidearen 200 bat metro mugatu dute. Zer dela eta? Justu oraindik Korrikaren saltoak entzun daitezkeen leku berean antolatu omen dute: Campeonato de España de Marcha. 20 kilometros. Nola? Bai. Campeonato de España. Non? Korrikaren Errenterian!!! Arrarotxoa. Ez da bukatu kontua. Milaka pertsona Korrika ez da notizia. Ehunka korrikalari batzuek Espainiako telebista publiko eta pribatu guztietan izango dute lekua. Arrarotxoa, ezta? Baina tira. Haurrek esan digute: lasai!!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.