Musuaren Eguna dela eta, saihetsezina egin zait ematen diegun balioaz, sortzen duten loturaz, baita horietako lehenak eragiten duen urduritasunaz ere hausnartzea. Gero, nire 16 urteetatik gertuen dudan konplexutasunari buruz pentsatu dut: nerabeen maitasun harremanak. Zeinek du indar handiagoa, bihotzak ala adimenak? Orokorrean, denok dakigu zer komeni zaigun, baina sentimenduak tartean daudenean, benetan al dakigu kalte egiten digun aukera hori alde batera uzten?
Sarritan, agertoki fiktizioekin itsutzen gara, gure balioa aintzat hartzen ez duten pertsonengan tematuta. Bai, agian puntu bateraino interesatzen gatzaizkie, baina ez dut uste merezi dugun neurrian denik. Beste alde batetik, beldurrik gabe euren interesa erakusten duten pertsonei ez diegu jaramonik egiten. Honek, batzuetan, nahastuta sentiarazten gaitu; zergatik ez zait gustatzen naizen bezala baloratzen nauen pertsona? Nire aburuz, badirudi egonkortasunak beldurtzen gaituela, eta ziurgabetasunak, berriz, botere erakargarria duela. Dena den, ezinbestekoa iruditzen zait ez frustratzea; gauzak iritsi egiten dira. Bihotzari jarraitzeak gehiago betetzen gaituela badirudi ere, arrazoiak ere izan behar du ahotsa.