Donostia

Nola hauspotu euskararen pizkunde berria

Iñaki Iñurrieta
2025eko abenduaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Horra San Telmoko mahai inguruaren gaia, azaroaren 18an. EHE, Kontseilua, Bagera eta Ikama bildu zituen. Han entzundakoen ondotik, hona hemen ideia batzuk.

Pizkundea hauspotzeko, lehenik geuk indartu behar dugu, gutako bakoitzak. Indartu, hau da, ahaldundu. Bagerak Ahalduntze Tailerra antolatuko du ikasturte honetan, hilabete batzuk barru. Helburua: asertibitatea lantzea eta euskaldun gisa modu naturalagoan, autokonfiantzaz eta errespetuz jokatzen ikastea. Modu naturalagoan, bai, ze euskaldunok errazegi egiten diogu uko euskaldun agertzeari. Gure artean oso handia da hizkuntza sumisioa, urteetan eta urteetan, belaunaldiz belaunaldi sartu digutena. Hain dugu barneratua, non askotan ez garen ohartu ere egiten eta, hainbat egoeratan, badaezpada, erdarara jotzen dugun erreflexuz, edo euskaraz egitea edukazio txarrekoa iruditzen zaigulako, edo errespetuagatik… Ahalduntze tailerraren egitekoa sumisio horretaz konturatzea da; eta sumisio horrek ezkutatzen duen indarkeriaz. Hortik etorriko da ahalduntzea, hau da, modu asertiboan, autokonfiantzaz eta errespetuz jokatzen ikastea.

Tailerra ondo aterako balitz, hurrengo pausoa Donostiako auzoetan tailer gehiago egitea litzateke. Bide horretatik, dinamika interesgarria sor liteke aurrera begira. Beraz, eskari bat hau irakurriko duzuenoi: hartu gogoan Bagerak antolatuko duen Ahalduntze Tailerra, eta hartu parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.