Nafarroako EHNEren zuzendaritza batzordearen ordezkaria

NPBtik haratago

Patxiku Irisarri
2025eko urriaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreforma hurbiltzen ari da, zazpi urtean behin errepikatzen den zikloa dugu hau. Horrela, aurreikusitako egutegiaren arabera, 2028an NPBren eredu berri bat izango dugu, definizio berriekin, ingurumen eta gizarte baldintza berriekin eta Europako Batasuna osatzen duten herrialdeetako lehen sektorerako laguntza berriekin.

Europako Batasuneko estatuek aldez aurretik negoziatzen dute finantza esparrua, edo, bestela esanda, Europako Batasuneko nekazaritza politikak dakartzan gastu guztiei aurre egiteko zenbat diru jarriko duten erabakitzen da.

Egungo albisteak ez dira onak lehen sektorearentzat, murrizketa handi samarra iragarri baita, %20tik gorakoa, eta erabaki murriztaile horiek direla eta, udazken beroa aurreikusten dugu.

Eta zergatik murrizketa hori? Uste dut denok garela horren jakitun. Ez da izango Europako Batasuneko biztanleen osasun, hezkuntza edo kultura baldintzak hobetzeko, ezta herrialde pobreenen garapenerako ere. Orain arte NPBra bideratzen ziren funtsen zati bat Europako Batasunaren berrarmatzera bideratuko da, hau da, industria militarra finantzatzera, hiltzeko moduak etengabe asmatzen dituen eta batzuentzat benetako negozioa den horretara. Arma gehiago, gerra gehiago, heriotza gehiago. Hau al da nahi dugun etorkizuna?

Palestinako genozidioak eta Ukrainako gerrak egunero astintzen gaituzte komunikabideetan, baina beste gatazka asko ere badaude munduan: Siria, Sudan, Afrika Erdiko Errepublika, Nigeria, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Afganistan, Pakistan, Irak...

Liskar armatu horiek guztiak eta horiek eragindako heriotza bortitz guztiak normaltasunez ikusi eta bizitzera ohitzen ari gara. Etsipenak eta izuak depresio orokor batean sartu gaitu. Egunerokoan, beldurrak ez digu uzten gogoeta txikiena egiten, baina bada garaia hau aldatzeko. Nazioarteko erakundeak, hala nola Nazio Batuen Erakundea, edo ordezkatzen gaituzten politikariak ez dira gai izan eseri, arrazoitu eta jite militar hau geldiarazteko. Mundu mailako drama gizatiar, ekonomiko eta ekologiko baten aurrean gaude. Gizarte osoak erokeria hau gelditzeko eskatzeko garaia da.

NPB eta haren finantza esparrua oso garrantzitsuak dira gure sektorearentzat, baina sektore honetako kide garenok ere behartuta gaude egoeraren azterketa orokorragoa egitera, eta hau guztia NPBtik haratago doala jabetzera. Are gehiago gure lanbideak helburu duen elikadura bera ere tresna beliko bihurtu duten honetan, eta gure begien aurrean gosetea gerra arma eraginkorra bihurtu duten honetan.

Gauzak horrela, lau haizeetara zabal dezagun: misil gutxiago eta elikagai gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.