Oianguren BHIko irakasleok gure desadostasuna eta kezka adierazi nahi dugu Zaldibiako DBHko 3. eta 4. mailako ikasleei eragiten dien eskola garraioaren murrizketaren aurrean.
Eskola garraioa ez da ikasle eta familien erosotasunerako zerbitzu hutsa. Eskola publikora iristeko aukera eta hezkuntza eskubidea bermatzeko oinarrizko baliabidea da, bereziki landa eremuetako eta herri txikietako ikasleen kasuan.
Egungo egoeraren ondorioz, ikasleek eskolara lasai eta puntualtasunez iristeko zailtasunak dituzte. Irtenbideak egiturazkoa izan behar lukeela uste dugu, eta egiturazko erabakiak hartu behar direla.
Horrela, Oianguren BHIko irakasleok Zaldibiako ikasle eta familiei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu. Gainera, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu egoera berriro aztertu eta beharrezko neurriak har ditzala eskola garraioko zerbitzua lehengoratzeko eta ikasle guztien joan-etorria modu egokianbermatzeko.
Era berean, azpimarratu nahi dugu gure ikasleen ongizateak eta hezkuntza eskubideek erdigunean egon behar dutela. Eskola publikoa indartzeko, ez murrizteko, neurriak behar ditugu. Oianguren BHIko irakasleok gure elkartasuna helarazi nahi diegu Zaldibiako ikasleei eta familiei, eta egoera honen aurrean egiten ari diren aldarrikapenarekin bat egiten dugu.
Zaldibiako ikasleak gure ikasleak ere badira. Haien eskubideak defendatzea guztion ardura da.