Elorrio

‘Ongi etorri, Marshall Jauna’ vs ‘Ongi etorri, Pradales Jauna’

Aitor Larrañaga Anzola
2024ko martxoaren 5a
05:00
Entzun

Pradales jauna, orain arte «non egon zara, zer larretan»? Aldarrikatzen ari zaren Elorrio-Arrasate tunel bidez lotzeko errepidearen obra miragarria, 1993. urteko Durango-Beasain korridorearen parte bat baino ez da. Durango-Beasain eta Durango-Ondarroa ziren adostutako korridoreak, hain zuzen ere, eta ez bata ez bestea (ez dira) ez dituzue egin.

Trafiko galanta jasotzen duen errepidea, arriskutsua, eta abar aipatzen dituzu, baina hori gauza jakina da. Arazoa da plan estrategikotzat dituzuen planak ez dituzuela betetzen. Baina orain, boteprontoan, lehendakaritzarako hautagai gisa zatozelarik, Marshall gisa aurkezten zara. Gaitz erdi aspaldi eginda behar lukeena behingoz bukatzen baduzue.

Eta aho zabalez diozu zenbat diru eta abar eta abar sartuko dituzuen horretan. Puntu horretara heldu ondoren eta Ibaizabal Elorriotik igarotzen dela aprobetxatuz, aipatu beharra daukat errepide horren inguruan AHT-aren afera dela-eta egiten ari den sarraskia. Nahi adina tunel, mendietan barrena zementuzko errepide kilometro mordoa, zutabe  erraldoiak... Zutabeen tamainari erreparatuta Apatamonasteriori Apatatorres jarri zion norbaitek.

Eta hemen Pradales jauna ez diguzu triskantza horren berri ematen, ezta zenbaterainoko kostua suposatzen ari den esaten ere, ezta dagoeneko tunelak eginak direla baina ez Durangaldea eta Deba bailara lotzeko. Baina hau beste pelikula batekin dago lotuta: Tennessee Williamsen A Streetcar Named Desire versus EAJren Desio deituriko trena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.