Bergara

Ospakizuna Iruña-Veleian

2026ko ekainaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruña-Veleiako grafitoak 2006ko ekainean aurkeztu ziren, lehenik latinezkoak eta astebete geroago euskarazkoak. Aurkezpen hartan parte hartu zuten hainbat adituk aurkikuntzaren garrantzia eta benetakotasuna azpimarratu zituzten, tartean Henrike Knörr eta Joakin Gorrotxategi hizkuntzalariek.

Ondorengo urteetan auziak bide korapilatsua hartu zuen. Arabako Foru Aldundiak izendatutako Aditu Batzordeak grafitoak faltsutzat jo zituen, eta Eliseo Gil auzitara eraman zuen. Lurmenek eta hainbat taldek laborategiko analisi independenteak eskatu zituzten, baina aldundiak uko egin zien. Hamabi urtez luzatu zen prozesu judiziala, eta epaiketan ez zen frogatu ez piezen faltsutasuna ezta egiletza ere. Hala ere, Eliseo Gilek bi urte eta erdiko kartzela-zigorra eta isun ekonomikoa jaso zituen. 2010az geroztik hondeamakinak jo eta su ibili dira hainbat txikizio eginez.

Dena dela, urte hauetan pertsona askok jarraitu dugu grafitoen benetakotasuna defendatzen eta auzia argitu dadin eskatzen. Horregatik, aurkezpenaren 20. urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu dugu ekainaren 7an, Iruña-Veleian bertan.

Lehenik omenaldia egingo zaie auzi honetan ekarpen garrantzitsua egin eta gaur egun gure artean ez dauden zazpi laguni: Henrike Knörr, Txillardegi, Emilio Illarregi, Iñaki Aldekoa, Jose Ignacio Vegas, Gontzal Fontaneda eta Jose Antonio Villar. Haien senideei oroigarri bana emango zaie. Antolatzaileok kazetari eta politikariei ere gonbita egin diegu egoera zuzenean ezagutu dezaten.

Iruña-Veleia Argitu, Ez Suntsitu Plataformatik adierazi nahi dugu egia argitzeko lanean jarraituko dugula, orain arte bezala, eta berriro eskatzen dugula piezak laborategi espezializatuetan aztertzea. Gure ustez, Lurmeneko arkeologoen delitu bakarra aurkikuntza handi bat egitea izan baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE