Euskal Autonomia Erkidegoko Podemosi ez zaizkio ikastolak gustatzen; hori ez da berria. Baina azkeneko hau gehiegizkoa izan da: Xabi Marrero da EAEko Podemosko Ingurumeneko idazkaria, eta «munduko hiritarra», bere buruaz dioenez. Urtarrilaren 12an, twitterren salatu zuen ikastola itunduek diru publikoa jasotzea, eta, horretaz gain, esan zuen «ikastolak EAJren eta Bilduren boto-emaileen fabrika» direla. EAEko Podemosi hainbeste gustatu zitzaion analisia, non bere kontu ofizialaren bidez bertxiotu zuen.
Xabi Marrerok lehenago ere txiokatu du ikastolen kontra. 2023an, Herri Urrats arriskuan izan zen uholdeen ondorioz. Bada, Marrerok txiokatu zuen «Herri Urrats da festa herrikoi bat, helburu duena ikastola pribatu berri bat egitea Senperen, Ipar Euskal Herriko udalerri frantses batean [sic]. Festa izanik ere, segregazioa bultzatzen ari dira». Segur aski, neurri handi batean ikastolei esker segituko du bizirik euskarak Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan, baina berdin da. Haren ustez, pribatuak dira, segregazioa bultzatzen dute, eta kito.
Ander Jimenez Cava ere EAEko Podemosko kidea da. Kargu inportanteak izan ditu bertan; besteak beste, Podemosko Estatu Kontseiluko kidea izan da. 2025eko urtarrilaren 30ean Twitterren kritikatu zuen ikastolek (nahiz eta esplizituki ez aipatu) «perspektiba nazionala» zutela, eta horregatik ez zirela ezkerrekoak. Horren parean, eskola publikoak «mundua den bezala» agertzen zuela esan zuen.
Harrigarria da politikan militatzen duen batek sinestea posible dela hezkuntza neutral bat. Eta tumatxa edo too much-a, pentsatzea Espainiako eta Frantziako (edo beste edozein herrialdetako) hezkuntza sistemak ez duela «perspektiba nazionalik».
Zer eginen dugu ba. «Munduko hiritarrak».