Hau 2026ko maiatzaren 2an Unai Apaolazak argitaratutako iritziari erantzuna da.
Lagun komunista batek dio polizia guztiz desagerrarazi behar dugula eta horren ordez herritarrez osatutako auzoko taldeak —patruilak— sortu. Nik hau entzuten dudan bakoitzean ezin diot barre egiteari utzi. Polizia polizia da, berdin da nola deitu nahi duzun. Ezin duguna egin da kapitalismoari poliziaren aferaren errua bota, edo akaso erromatarrek ez zuten errepresioa erabili behar? Polizia, errepresioaren aurpegia izateaz gain, gizartearen porrota da.
Har dezagun Euskal Herriko biztanleria eta utz ditzagun 3,2 milioi pertsona irribarretsu arazoak konpontzen. Beharbada, biztanleria kopurua fite jaitsiko litzateke, eta are gehiago taldeen ideiarekin: bortxatzaile edota drogazale bat legez armatua? Gaur egungo polizian dagoeneko badauzkagu, horrek esan nahi du ez genukeela arazoa konponduko.
Barkatu baina ez ditut Trump bezalako jendearekin espazioak partekatuko. Gogora dezagun Voxeko boto-emaileak hor daudela; benetan ez duzuela erreprimitu nahi? Eta gizartea hezteari buruz mintzatu nahi baduzue, bide luze-luzea daukagu aurrean.
Konponbide zuzena inork ez daukagu, baina gutxienez eredua bai aldatu behar dugu, eta gero ikusiko dugu. Polizia boterean dagoen sistema zaintzeko dago, izan komunista, izan kapitalista, izan faraonikoa.