Pasaia

Tren baten istorioa

Lourdes Etxeberria Altuna
2026ko maiatzaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela bi urte eta erdi inguru, Escalerillaseko bizilagunok bilera batera deitu gintuen Pasaiako Portuko Agintaritzak. Bertan, diru publikoarekin trenbide batzuk eraikitzeko proiektu bat zegoela jakinarazi ziguten, enpresa pribatu bati, Algeposari, mesede egiteko helburuarekin. Proiektu hori aurrera eramateko Escalerillaseko etxea eraitsi behar zutela adierazi ziguten.

Bertan bizi ziren bost bizilagunek biziarteko kontratua zuten, eta gainerakoak hilda zeuden jabeen seme-alabak ziren. Lehenengo bostei kalte-ordain txiki bat eskaini zitzaien, eta gainerakoei etxebizitzak hustea. Eta dena tren batengatik.

Denbora honetan Pasaiako Portuko Administrazio Kontseiluari, ETSri, Algeposari eta Pasaiako Udalari egin behar izan diegu aurre eta haien kontra borrokatu behar izan dugu. Eta dena tren batengatik.

Ez diegu erraza jarri. Etxebizitzaren Sindikatuarekin batera borrokatu gara, elkarren ondoan, gure eskubidea defendatzeko. Eta dena tren batengatik.

Ez zaie axola izan 80 urtetik gorako emakumeak babesgabe, zaurgarri eta 60 urtez beren etxea eta bizitza izan dena galtzeko beldurrez ikustea. Hori guztia tren batengatik.

Apirilaren 15ean gure etxebizitzako giltzak entregatu genituen, pena, tristura eta amorru nahasketa batekin, ez baita libreki hartutako erabakia, inposaketa baizik. Eta dena tren batengatik.

Hemendik aurrera, bizitza berri bat hasiko dugu, etxebizitza berri batean, eta pixkanaka gure etxe berri bihurtuko dugu. Eta dena tren batengatik.

Escalerillaseko bizilagunok, orain sakabanatuta bagaude ere, biltzen jarraituko dugu, Escalerillaseko etxeak guretzat zer esan nahi izan duen ez ahazteko: ametsak, familiak, haurtzaroa, bizilagunak, jolasak, bizipen partekatuak... Ia bizitza bat. Eta dena tren batengatik.

Nik badut adin bat, oraindik ez naiz oso nagusia, baina sentitzen dut ez dudala Escalerillaseko etxe azpitik tren bakar bat ere pasatzen ikusiko. Baten bat apustu egitera ausartzen al da?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA