Gasteiz

Twilight Struggle jokoa Gasteizen

Markel Elortza Exea
2025eko maiatzaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mahai-jokoek hazkunde-garaia bizi dute. Pantailak nagusi diren garai honetan, itxaropentsua da gero eta pertsona gehiago —gazteak, helduak eta haurrak— mahai baten inguruan esertzen ikustea, pentsatzeko, partekatzeko, lehiatzeko eta gozatzeko. Mahai-jokoek benetako iraultza bizi izan dute azken urte hauetan, eta gorakada horren barruan, Twilight Struggle oso leku berezian dago, BGG rankingeko 1. postuan denbora gehien eman duten jokoetako bat baita. 

Ezagutzen ez dutenentzat, Twilight Struggle joko bat baino askoz gehiago da. Gerra Hotzaren birsorkuntza bikain eta zirraragarria da, garaiko bi superpotentzien arteko adimen-borroka —AEBak eta SESB—, erabaki bakoitzak ondorio globalak dituelarik. Joko zorrotza da (hasieran batez ere), bai, baina baita sakonki narratiboa, hezitzailea (oso ondo testuinguratua) eta oso adiktiboa ere (esan diezadatela niri! Kar-kar). 

Eta aurten, gainera, ospatzeko bi arrazoi ditugu: alde batetik, Twilight Strugglek hogei urte bete ditu. Bi hamarkada hauetan, estrategiaren munduko erreferente absolutu gisa mantendu da, planeta osoan milaka jokalari erakarrita. Bestetik, Nazioarteko XI. Konbentzioa Gasteizen egingo da ekainaren 14an eta 15ean, gure hiria Twilight Struggle-ren munduko hiriburu bihurtuz. 

Zalantzarik gabe, orain arteko ediziorik jendetsuena izango da, munduko txoko askotako jendea bilduz: Grezia, Estatu Batuak, Polonia, Espainia, Alemania, Portugal, Erresuma Batua, Katalunia eta Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako partaideekin, joko zoragarri honekiko duten grinak elkartuta. Txapelketak suitzar formatuko zortzi partida izango ditu, eta irabazleak txapeldunaren txapela eskuratuko du. 

Gainera, Devir argitaletxearen laguntzari esker, mahai-jokoak zozketatuko dira parte-hartzaileen artean. 

Euskal Herriko Twilight Struggle Federaziokoak ere jokoaren hedapenarekin eta irisgarritasunarekin konprometituta gaude. Horregatik, Youtuben argitaratu berri dugu euskarazko lehen tutoriala, euskaldunok unibertso liluragarri honetan murgiltzeko pentsatua. Hemen ikus dezakezue: https://youtu.be/1Ac8IZf6QVQ 

Geopolitika, tentsio narratiboa edo, besterik gabe, asteburu desberdin bat konpainia onean bizi nahi baduzu, parte hartzera animatzen zaitugu. Informazio guztia gure webgunean dago eskuragarri: https://sites.google.com/view/ehtsf/vitoria-gasteiz-2025 

Gasteizen ikusiko dugu elkar. Gerra Hotza hastear dago... baina girorik onenean!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.