ZUZENDARIARI

Txorien hego ebakia

2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Hilondoko gozarraze eta omenaldi oro ederki merezia du JosAnton Artze olerkariak. Duela hamar urte ere beste omenaldi xume baina zinez hunkigarria eskaini zitzaion Hatsaren Poesia hamargarren egunaren karietara, Senpere-Amotzeko Larranden. Olerkarien aterpe deitzen dudan baserri eder horretan bildu ginen hogeita hamar bat lagun urteroko ohiturari jarraikiz, apirilaren lehen igandean. Gipuzkoar anitz, mugaz bi aldeetako napartarrak, lapurtarrak, xuberotar baten bat, bizkaitar bi eta arabar bat eta bakarra; esan gabe doa, herrialdez herrialdeko ordezkaritza urterik urte, antzeko! «Hitzaren kortsarioak» ginela aipatu nion, nire atrebentzian, Artze handiari...

Izan ere, ohore handia izan zen ni bezalako hasiberri batendako Artzerekin berarekin eta bera bezalako poeta handiekin olerki-bilduma horretan parte hartzea, are ohore handiagoa elkarrekin bazkaltzea eta bazkal ondoko olerkiak —eta kantuak, nola ez!— partekatzea.Txalaparta jo ordez, esku-zartak jo genituen.

Eta Hatsa elkarteko buru den Auxtin Zamoraren eskutik opari xume bat jasota, nori eta Artzeri berari egokitu zitzaion 2009ko Hatsaren Poesia bildumarako sar-hitza idaztea: «Bi punturen artean, zein da biderik laburrena? Jakintsuaren erantzuna. Biderik zuzenena. Aitzitik, olerkariaren erantzuna: Biderik ederrena». Berarengandik ere hau ikasi nuen: «Paperaren zurian ezer ezarri aurretik / iker ezazu artoski/ zuriak zer diotsun isil-isilik; gero berak gura duen hura / ager diezaiozun soil-soilik». Txoriak txori baino askoz ere gehiago zen—da— JosAnton Artze; irakurri beharrekoa.

Hatsaren poesiak badu on, olerkien bidez muga gainditzeaz landa, maila handiko eta maila apaleko olerkariok elkarrekin aritzeko parada ematea. Aurten Hatsaren poesiaren 20. bilduma aterako da, eta egunotan olerkiak bidaltzeko epea agortzear da. Ez dadila azken Hatsa izan! Ez dakit aurten JosAntonek olerkirik bidali duen, eta malkoak datozkit begietara. Amalurrak goxo har beza bere baitan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.