Ume mainatien antzera jokatzen dute. Haiek ere jolastu nahi dute euskararekin. Ez hainbeste euskaraz, baiki, baina jolastu, jolastu nahi dute. Alabaina, arazo txikitxo bat dute: euskara falta zaie, eta nekez jolastuko dira ez daukatenarekin. Eta ume mainatien antzera jokatzen dutenez, nahiago dute jolasa suntsitu jolastokiko beste umeak dibertitzen ikusi baino. Horregatik txikitzen dituzte parkeko zaldiko-maldikoak, zabuak eta txirristak. Horregatik zangotrabatzen dituzte ezkutaketan ari direnak. Horregatik bultzatzen dituzte sokasaltoan, kaniketan eta txorro-morro-piko-taio-kean dabiltzanak.
Zibak denontzat edo inorentzat ez. Ume mainatien antzera jokatzen dute baina, zoritxarrez, ez dira umeak. Ez dira umemokoak eta boterea daukate. Baita gurasoen oniritzia ere. Dirua daukate abokatuen ordainsariak ordaintzeko, bi sindikaturen egoitzak oldarraldiak prestatzeko, whatsapp taldeak jarraitzaileak xaxatzeko.
Ez, ez dira umeak. Ai, umemoko mainatiak balira! Errieta egin ahal izango genieke! Euskara Denontzat daukate izena; baina, jokabidean bezala, horretan ere tronpatzen dira. EuskaraParaTodos o pinchamos el balón askoz adierazgarriagoa zatekeen.