Oiartzun

Une hura

Adur Lizasoain
2026ko apirilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bai edo ez. Aurrera egin edo atzera. Txuria edo beltza. Irribarrea edo samina. Arrakasta edo porrota. Hogei eta bi edo hogei eta bat.

Erabaki mordo bat hartu ohi ditugu egunerokoan. Gehienek ez dute berebiziko pisua gure bizitzak horren ondorioz hartuko duen norabidean, baina badira batzuk urteak igaro eta buruan iltzaturik geratzen zaizkigunak: esan ez nuen hitz hura, ireki ez nuen negozio hura, erosi ez nuen etxe hura, hasi ez nuen karrera hura, egin ez nuen bidaia hura, eman ez nuen musu hura, jokatu ez nuen partida hura. Une hura. Egin ez nuen hura.

Bere lehen txapela irabazi du Jon Ander Albisu pilotariak, 36 urte betetzear delarik. Bere kirol ibilbide osoan onenetako bat izan ondoren oraindik txapelik jantzi gabea zen Ataungo atzelaria. Abantailak eman behar izanagatik bikotekide gazte eta erdipurdikoekin jokatu izan du txapelketa, urtea joan eta urtea etorri; horrek, faktore mentalaren aldetik akaso beste atzelari handi batzuk bezain indartsua ez izatea ere batuta, eta une zehatzetan zortea alde ez izateak ere txapelik gabe erretiratzearen samina oso gertu ikustera eraman du. Sinesgaitza eta bidegabea.

Egon zen, baina, dena alda zezakeen une bat: finalerdietako ligaxkako bigarren partidan eskua txikitu zuen, eta ezin bere maila eman. Aurrera egitea erabaki zuen Albisuk, eskua oraindik gaizki eduki arren. Lesio are larriago bat jasateko edo kantxan barregarri geratzeko arriskuak hartuta, ametsari jarraituz, aurrera egitea erabaki zuen arrazionaltasunaren eta bihotzaren arteko norgehiagoka hartan. Jokatu egin zuen partida hura. Eta irabazi. Merezi zuen. Merezi genuen.

Irribarrea. Arrakasta. Hogei eta bi.

P.D.: Hunkigarria bere alabaren «asko maite zaitut, aita» hori. Horra hor beste txapel bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA