Lekeitio

USaP, egin apatx!

Kepa Iturrioz Rubio
2026ko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

—Eta zergatik ekarri dituzu azterketak bi multzotan, batzuk alfabetikoki ordenatuta eta besteak ordenatu barik?

—A! horiek andreak zuzendu ditu eta hauek nik. Bera euskara-irakaslea da, e!

—Ikusten dut multzo horretan askotariko notak daudela, eta txukun zuzenduta daudela. Baina zure multzokoetan ohar gutxiegi daude; gehienei 5 nota jarri diezu, eta gainerakoei, ordea, askoz nota hobea. Ez da izango batzuk A eredukoak direla eta besteak D eredukoak?

—A! Baliteke. Berehala antzematen diet nik nork dakien eta nork ez. Unibertsitatekook ebaluazio holistikoa egiten dugu, lerro artean irakurri, eta badakigu zer maila duen ikasleak.

—Eta zer maila dute bada 5 atera dutenek? Zer maila eskatu behar zaie?

—Horrek ez dio axola, motel! Batzuek badakite euskara eta besteek ez hainbeste. Baina ni ez naiz suspenditzearen aldekoa.

—Bai. Baina kontua da aurten Baietz 4 dela erreferentzia, eta ez euskaraz ondo dakiten ala gutxiago dakiten. Hau da, zuk 5 jarri diezunak A eredukoak izango dira, baina haien artean ere mailak ezberdindu egin behar dira, nota erabakigarria izan daiteke eta.

—A! Baina euskarak oso puntu gutxi eman edo kendu egiten ditu, eta asteburu batean ezin da hain zorrotz jokatu ehunka azterketarekin. Begiratu, udan AEBetara noa, eta diru apur bat irabazi nahi dut bidaiarako.

—(Isilik).

Irakurle, elkarrizketa hori egiazkoa izan zitekeen duela 35 urte. Susmoa dut berdintsu jarraitzen dugula zenbait gauzatan. Behin baino ez nintzen selektibitatera joan, nire institutuko Euskara mintegiko zaharrena izan arren. Esperientziak jota utzi ninduen eta oka egiteko gogoarekin. Denetarik dago, bai, jakina. Baina erabil dezagun egunotan gertatutakoa sistema hobetzeko, eta ez honi edo besteari errua egozteko. Aitortzen dut ez dudala egungo azterketa ezagutzen; hala ere, hona hemen nire iritzia, hipotetikorik gabe idatzita:

  1. Funtzionarioen nahitaezko lana izan behar du selektibitatea zuzentzeak; ez aukerakoa.

  2. Zuzendariek hautatutako funtzionarioen artean banatu behar dira azterketak.

  3. Aztertzaile bakoitzak azterketa gutxi zuzendu behar ditu, behar bezala zuzentzeko.

  4. Unibertsitateko irakasleak ez dira zuzentzaile izango.

  5. Unibertsitateko irakasleak ez dira gehiengoa izango prestaketa-batzordean.

  6. Eskakizun-maila bateratzeko saioak egin behar dira, online. Emaitzak ikusita, neurriak hartu behar dira azterketan gorabeherarik egon ez dadin.

  7. Institutu guzti-guztietan, amaierako probak eskakizun-maila bertsukoak izango dira, edo proba berak, eta ahalik eta modu objektiboenean zuzentzeko diseinatu behar dira.

  8. Debekatu egin behar da notak aldatzea ikasleen (edo gurasoen) eskaerak kontuan hartuta, institutu guztietan ez baita berdin jokatzen. Zorrotz arautu behar dira salbuespenak, eta zuzendariek izan behar dute haien erantzukizuna.

  9. Irakurle, erantsi zure proposamena iritzia ematen duzunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE