Zuzendariari

Usurbilgo alkateak, Joxantonio Altunari

Xabier Mikel Errekondo.
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Hi Joxantonio! Hikin hitzein bieit! Hauetxek izan dira gutariko bakoitzaren lehen hitzak Joxantoniori zuzentzerakoan. Horren ondotik herritarren arazoa konponbidean zela. Udala guztion etxe eta aterpe bihurtu huen. Hire alkate izaeran, orduek ez ditek atsedenik eman: Usurbildarren kezka eta arazoetatik gertu agertu haiz, hauei konponbidea emateko eskura hituen bitarteko guztiak jarriz. Herria xede, aitzinera eraman duk Usurbil, tinko. Tinko benetan, Madrilgo epaile juiziorik gabekoek bi urtez zigortu arteraino, alajaina! 1987tik 2003ra arte, ezkertiar, abertzale eta euskaltzaleen ahotsa izan hintzen udaletxean, baina aldi berean, Usurbil ezin hobeto ordezkatu duk Gipuzkoan eta Euskal Herrian. Denbora honetan, helburu handienak mailaz maila lortzen direla erakutsi diguk. Usurbildarrak hamarkadatan jasoko dik herriari eman dioana. Jakin bazakiagu eta erakutsi duk, Usurbil gogoan eta herria bihotzean eraman duana; Usurbildarrok ez haugu ahaztuko herritarron bihotzean iltzatu baihaiz betiko. Herri gisa zenbat irabazi diagu! Eta oraindik ez gaituk jabetu zenbat galdu genian atzo, Joxantonio, hire heriotzarekin! Hire lanerako borondate eta grina, eta herria ulertzeko modua eredugarriak izan dituk bai niretzat eta baita udala ordezkatzen dugunontzat ere. Begi gorrituetatik, masail goritik behera isuria, bihotzaren pareraino, malko ezin garratzagoa, malko bat baino ez. Malko izoztua. Zaztada zorrotza, barne erraietaraino. Herria maite huen eta herriak maite hau. Betirako alkate izango haiz guretzat. Sei mila usurbildarron sei mila esker eta muxu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.