Berriozar

Yayoi Kusama: nor bere zoroak bizi du

2026ko irailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Yayoi Kusama japoniarra agorril honetan zendu da; agortu da sormen-iturri oparo bat. Abantzu mende batez bizi izan da, bizialdi luze eta naroa, baina ez erraza, neskatila zela diagnostikatu baitzioten nahasmendu obsesibo konpultsiboa. Yayoi Kusamak ezinegonaren eta antsietatearen ondorioz atzematen zuen errealitate berezi hori margoen bidez islatzeari ekin zion eta artelan bihurtzen asmatu. Errealitatea era berezi batez interpretatu eta errealitate hori molde propioan adierazi zuen margolanen bidez. 

Yayoi Kusama: 1945etik gaurdaino erakusketa ederra zuzen-zuzenean ikusteko aukera izan nuen duela hiru urte, eta zinez txundituta atera nintzen Guggenheim museotik. Orain, Yayoi Kusama zenaren irudiak ordenadorearen pantailan ikusten ari naizelarik, susmatzen dut ez naizela atzematen ari Bilbon sentitu nuena, inola ere ez. Izan ere, margolari baten irudi bati, jatorrizko margolan bati, ez zaio begiratzen ahal berdin zuzen-zuzenean ala pantaila batean, irudi digitalen formatu egokia eta kalitatea handia izanik ere. 

Orobat, AEBen militarismoaren aurkari saiatua, artista engaiatua izan zen Vietnamgo gerraren garaian, haren biografietan usu kontuan hartzen ez den kontua badarik ere. Yayoi Kusamak galdu du bizia, baina ez bizitza, eta horrela adierazten du artelanen bidez, ondare oparoa opari emanda. Nor bere zoroak bizi duela egia handia da: euskal esapide horrek ederki biltzen du Yayoi Kusama artista eta idazlearen bizitza.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA