Osakidetza barruko egonezin, zatiketa eta barne gatazken adibide garbia izan da gaur (asteartea, 17)Â Txagorritxuko ospitalean gertatutakoa.
Protesta anitz eta greba ezberdinetan murgilduta gabiltza bertako langileak: alde batetik medikuak; bestetik, gainontzeko langileen kolektiboa.
Guztiok osasun sistema publikoa bermatu nahi eta gure lan baldintza eta eskubideak defendatzen ditugun arren, konfrontazioan eta bide ezberdinetan borrokan ari garela dirudi.
Aspaldi ezagutu nuen zaintza aringarri pediatrikoen beharra; 2017an gure alaba Eleneri buruko tumore sendaezin bat diagnostikatu zioten. Bere aitak eta biok argi izan genuen etxean eskainiko geniola behar zuen zaintza hori, urgentzietarako joan-etorriak, ospitalizazioak eta sufrimendua ekidinez. Oztopoak oztopo, lortu genuen; goxo-goxo gure artean eta bere etxean hil zen gure alaba, zazpi hilabeteko zaintza aringarriak jaso ostean. Hori guztia ez zen posible izango etxez etxeko ospitalizazioko lantaldea eta gertuko mediku eta erizainen laguntza jaso izan ez bagenu, eta oso eskertuta gaude. 24 orduko eta zazpi eguneko zaintza ez zegoen bermatua, ezta langileak zaintza aringarri pediatrikoetan formatuak izatea ere.
HaurSareko lantaldeak zaintza aringarri pediatrikoen diseinu eta saretze integralean dihardu denbora luzez, Osakidetzako langileak horiek ere. Arduradun politikoetatik at beraiek dira haur eta nerabe horien gaixotasun konplexu eta beharrei erantzuna emateko prest agertu direnak, oztopoak oztopo aurrera doazenak, eta gaur Gasteizen egindako agerraldian ez dute aukerarik izan beren proiektua ezagutarazteko.
Garaia da behingoz haur eta nerabe horien beharrak erdigunean jarri eta denok batera erantzuteko, gizarte guztiaren erantzukizuna delako, Osakidetzako arduradun politikoen erantzukizuna delako eta bide hau errazten ari diren HaurSareko lantaldeak babestu behar ditugulako.
Zaintza aringarri pediatrikoak errealitatera!