ZUZENDARIARI

'Zergatik ez da debekatzen ehiza xehea?', erantzuna

Javier Sanz (Txantxi).
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Martxel Aizpurua jaunak artikuluan zehar adierazten du ehizaren zentzugabekeria eta debekatu beharra, eta horretarako hainbat argudio erabiltzen ditu.

Bere lehenengo argudioa, eta pisutsuena, ehiza jarduerarenarrazoirik eza edo bidegabekeria izango litzateke, ehiza ez baita beharrezko edo premiazko jarduera, dibertitzeko baizik: «ez dirudi oso arrazoizkoa denik kalterik egiten ez dutenak (espezieak) ehizatzea: uso, oilagor (...) Gure arteko ehizaren arrazoi nagusia gizonezko (gehienak hala dira) batzuen aisialdiarekin lotuta dago. (...) Ez dugu hegazti horiek botako dituzten ehiztaririk behar. Kalterako da ehiza. Espero dut laster batean gure lurraldeetan ehiza xehea erabat debekatzea».

Egia da, gaur egun eta hemen, ehiza aisialdiagatik dela, ez dela premiagatik; baina gizakiok egiten ditugun beste jarduera asko ere aisiagatik dira, ez dira beharrezkoak, baina egiten ditugu: etxean edo jatetxean bisigua, antxoak, mariskoa, edo dena delakoa jatea beharrezkoa da? Kalterik egiten digute arrantzagai horiek? Perretxikoak hartzea eta jatea premiazkoa da? Ez. Aisiagatik egiten ditugu, gustuko ditugulako, ez elikatzearen behar soilari erantzuteko, gizakiok horrekin disfrutatzen dugulako, baina horretarako norbaitek harrapatu edo hil behar ditu animalia edo landare horiek. Ni ehiztaria naiz; etxetik atera, mendian zehar txakurrekin ibili eta ibili, eta uso, oilagor edo eper batzuk harrapatzea dut gustuko; gero lapikoa prestatu eta familiarekin edo lagunekin jan. Aisiagatik? Bai, ez beharrezko dugulako; jaki bihurtzen ditugun animalia horiek kaltegarriak ez izan arren...

Artikuluaren egileak aipatzen du baita ere ehiztariok edozeri egiten diogula tiro: «Eskopeta eskuetan denean, edozer da tirogai...». Bakan batzuek hori egiteak ez du esan nahi denok hori egiten dugunik. Auto gidari guztiok ez ditugu egiten gidari ergel gutxi batzuek egiten dituzten astakeriak errepideetan; mendizale guztiek ez dituzte zaborrak uzten mendian.

«Ez da ondo ulertzen nolatan, aisialdi hutsagatik, gutxi batzuek gehiengoaren aurka eskubidea lor dezaketen nahi beste hiltzeko» aipatzen du Aizpurua jaunak. Nola neurtzen ditu gehiengoa eta gutxiengoa? Gizartearen gehiengoa ehizaren aurka dago? Ehiztariok «nahi beste» hiltzen dugula? Ez. Gure jarduera administrazioak arautzen du, aldundiek egiten dute hori, gure kasuan: lizentzia ordaindu eta berriztatu behar dugu urtero, ehizatzeko egutegi zehatza dugu, harrapa ditzakegun espezie kopurua zehaztuta eta mugatuta dago, ehizatzeko lekuak eta kotoak zehaztuta... Hain araututa al daude gizakiok mendian egiten ditugun beste jarduerak?

«Ehiza ez dela egokia naturako orekari eusteko, alderantziz baizik, orekaren kalterako» dela dio. Hemen ehizatzen diren ehiza xehearen espezie gehienak ez dira bertakoak, «pasekoak» baizik, etorri eta joan egiten dira, eta oso ehuneko txikia harrapatzen dugu ehiztariok; beraz, ez dugu desoreka handirik sortzen. Ehiztariok ez ditugu natura edo espeziak akabatu nahi; horrela izanda, zer ehizatuko genuke etorkizunean?

Eta bukatzeko, Vox alderdiak ez du ehizadefendatzen, aberatsen eta «señoritoen» ehiza baizik. Beste alderdi gehienek ez dute ezer esaten ehizari buruz, Euskal Herrian milaka ehiztari garelako eta sektoreak mozkin eta enplegu ugari sortzen dituelako, bai hemen, bai Gaztelan, Aragoin... Ehizak animaliak hiltzen ditu, bai, baina herri eta herritar asko bizi dira ehizari esker. Ehiza debekatu behar bada, beste jarduera asko ere debekatu beharko genituzke, aisia hutsagatik baldin badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.