Donostia

Zitalkeria sionista

Iñigo Aldabaldetreku Balentziaga
2026ko martxoaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mugimendu sionista eratu zenetik 1897an Basileako Konferentzian, mehatxu bat izan da palestinarrentzat. 1948an talde armatu sionistek Palestinako 54 herrixkatan sarraskiak egin eta biztanle palestinarren bi herenen kanporatzea eragin zutenetik haien lurrak usurpatzeko, Israel bere burua gaindituz joan da krudelkerian, Gazan genozidioa burutzeraino.

Bertrand Russel filosofoak, ordu batzuk hil aurretik diktatu zuen gutunean —1970eko otsailaren 2an—, kritika zorrotza egin zion 1967az geroztiko Israelen okupazio politikari, honako hau esanez: «Hedapen bakoitza esperimentu bat da, munduak zenbateko eraso handiagoa onartuko duen jakiteko». […] «Egiten den konkista bakoitza negoziaziorako beste oinarri bat da, aurreko erasoaren bidegabekeria kontuan hartzen ez duen indarretik bortxaz hartu duena zailtasun txikienarekin sendotu nahian».

Argi dago Trumpek aurkeztutako bake planak eta Gazarako berreraikitze proiektuak, ordezkari palestinarrak alde batera utzita sortuak biak, epe luzerako okupazio eta garbiketa etnikoko plan bat osatzen dutela.

Horri gehitu behar diogu Zisjordaniaren anexioa, Jerusalem Ekialdeko okupazioa, Libanoren inbasioa eta Irango gerra.

Zitalkeria sionista da, Estatu Batuen parte hartzearekin eta Europako gobernu morroien konplizitatearekin, «indartsuenaren» botere diskrezionalean oinarritutako mundu ordena berri baten ezarpenean, multilateraltasunaren eta nazioarteko zuzenbidearen gainetik.

Ignacio Sanchez-Cuenca Zientzia Politikoaren katedradunaren arabera, Txinan zur eta lur egon behar dute Mendebaldeko herrialdeek beren balio sistemaren zilegitasun oinarriak txikitzeko erakusten duten gaitasunagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA