Mendiko korrika proben artean mugarri nagusia da Zegama-Aizkorri maratoia, maitatua Euskal Herrian. Maiatzaren 17an jokatuko da lasterketaren 25. aldia, eta 25 herrialdetako bederatziehun korrikalarik baino gehiagok hartuko dute parte aurten. Golden Trail World Serieseko lehen proba puntuagarria izango da, gainera.
Emakumezkoetan, lehian izango da iazko irabazlea: Sara Alonso donostiarra —04:27:25eko denboran osatu zuen maratoia—. Baita Malen Osa oñatiarra ere; hirugarren helmugaratu zen iaz. Osak eten bat egingo zuela iragarri zuen duela gutxi, karranpekin dituen arazoen ondorioz, baina etxeko proban, hain maitea duen Zegama-Aizkorrin, ateratzea erabaki du. Osak uste du arazoa burukoa dela, eta horrek «kolapso fisikoa» sortzen diola. Iaz ere izan zituen karranpak Zegama-Aizkorri mendi maratoian, baina buelta eman zion, eta hirugarren bukatu zuen azkenean.
Alonsoz eta Osaz gain, iaz bost onenen artean izan ziren korrikalariak ere ariko dira: Judith Wyder, Rosa Maria Lara eta Theres Leboeuf. Gainera, lehen aldiz hartuko du parte Tove Alexandersson suediarrak. Iaz Munduko Trail Txapelketa irabazi zuen, Canfrancen, eta bigarren izan zen Alonso. Korrikalari donostiarrak dio koska bat gorago dagoela Alexandersson, eta hura jotzen du faborito nagusitzat.
Euskal lasterkarien artean, Oihana Zubillaga, Ainara Uribarri, Lide Urrestarazu, Ainara Alkuaz eta Ainhoa Garikano ere nabarmendu behar dira.
Gizonezkoetan ere parte hartuko du iazko irabazleak, Elhousine Elazzaoui marokoarrak. Iaz bakarrik helmugaratu zen Zegamako plazan, 03:43:28ko denbora eginda. Proban izango dira iazko hirugarren, laugarren eta bosgarren sailkatuak ere: Daniel Pattis, Luca del Pero eta Lorenzo Beltrami.
Horrez gainera, lasterketaren 25. aldia denez, txapela lortu duten korrikalari guztiak gonbidatu dituzte. «Irteeran izango ditugu Kilian Jornet, Manuel Merillas, Remi Bonnet, Rob Jebb eta Mario Poletti ere». Beraz, ikustekoa izango da lehia, batez ere Normal taldeko Kilian Jornet eta Elhousine Elazzaouiren artekoa.
Euskal korrikalarien artean, Zegaman izango dira, besteak beste, Paul Ormaetxea, Ibai Larrea, Ander Iñarra, Aitor Ajuria eta Aitor Zunzunegi korrikalariak.