Malen Osa: «Arazoaren jatorria aurkitu behar dut. Berriz lehiatuko naiz, baina ez mentalki prest egon arte»

Karranpekin dituen arazoen ondorioz, korrikalari oñatiarrak larunbatean Calamorro Skyrace proba bertan behera utzi zuen hasi eta berehala. Uste du arazoa burukoa dela, eta horrek «kolapso fisikoa» sortzen diola. Horregatik, eten bat egitea erabaki du.

Malen Osa 2025eko Zegama-Aizkorri mendi maratoian
Malen Osa iazko Zegama-Aizkorri mendi maratoian. IGOR QUIJANO / ZEGAMA-AIZKORRI
ramon olasagasti
2026ko apirilaren 14a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neguan mendiko eskiko denboraldi polita osatu du Malen Osak: besteak beste, zortzigarren geratu zen Munduko Kopako Comapedrosako bertikalean–, eta lineako lasterketetan ere Espainiako Kopako banakako proba bat irabazi zuen Boi Taullen. Traileko lasterketen denboraldirako trantsizioa ere ondo egin zuen, eta Leintz-Gatzagako Gatza Trail lasterketaren lehen ekitaldia irabazi zuen martxoaren 21ean. Larunbatean, ordea, Benalmadenako (Malaga, Espainia) Calamorro Skyrace proban (27 km eta 2.270 m+), abiatu eta berehala utzi behar izan zuen lasterketa, karranpen eraginez. «Proba hasi eta bi kilometro eskasera, 30 segundoko jaitsiera batean, txikituta neuzkan hankak. Beste 15 minutu eusten saiatu nintzen, oinez ere ezin nintzela ondo ibili konturatu nintzen arte. Laugarren kilometrorako lasterketatik kanpo nengoen, eta hor jo nuen hondoa».

Kolpe gogorra izan da Osarentzat Skyrunner World Series zirkuituko laugarren proban gertatutakoa, eta denbora behar izan du mezu hausnartu hau bere sare sozialetan jartzeko: «Denbora luzea daramat arazo honekin, eta pixkanaka nirekin akabatzen ari da. Lasterketetan hain goiz karranpak jasateak, arrazoi fisiko argirik gabe, poza baino min handiagoa eragiten dit lehiatzen naizenean. Maite dudan zerbait beldurra eragiten didan zerbait bihurtzen ari da: beldurra hartzen ari naiz maila gorenean lehiatzeari, nire mailan lehiatzeari, eta benetan gozatzeari. Iruditzen zait etengabe errepikatzen ari naizela diskurtso hau. Eta nekatuta nago. Nekatuta nago nazioarteko dortsala jartzen dudan bakoitzean arazo hauekin ibiltzeaz. Zenbaitetan, amore eman behar izan dut. Beste zenbaitetan, berriz, burugogorra izan eta, kosta ahala kosta, gogor saiatu naiz helmugaraino. Baina ez nago horrela jarraitzeko prest, ezer gertatuko ez balitz moduan. Sare sozialek erakusten ez dituzten gauza asko daude. Eta nire motxila dagoeneko gainezka dago».

«Badirudi buruko zerbait dela, eta horrek azkenerako kolapso fisikoa eragiten duela. Pixka bat aldendu eta erantzunak bilatzeko garaia da. Itzultzen naizenean, inoiz baino indartsuago, osasuntsuago eta zoriontsuago itzuliko naiz»

MALEN OSA Mendiko korrikalaria eta eskiatzailea

Joan den urtean, Zegama-Aizkorri mendi maratoian, hirugarren izan zen Malen Osa, baina lasterketa bertan behera uztekotan egon zen 11. kilometroan. «Azkenaldian asko ari naiz sufritzen karranpekin. Buruko arazoa da, nahiz eta ondoren fisikoki eragin. Badakit noizbait klik bat egin beharko dudala, eta esperientzia pilatzearekin batera gaindituko dudala. Aspaldiko arazoa da. Une batez oso gaizki ikusi nuen neure burua», adierazi zuen BERRIAri emandako elkarrizketan. Hamaikagarren kilometro horretan pare bat minutuz geldirik eta negarrez egon zen Osa. «Denetik pasatu zitzaidan burutik. Neure buruari behin eta berriz esaten nion: «Ez da posible gaur izatea!» Gogo handiz nengoen lasterketaz gozatzeko! Izugarrizko kolpea izan zen. Une batez, gainera, bost edo sei korrikalarik aurrea hartu zidaten. Halere, gutxinaka hasi nintzen berriro korrika, eta konturatu nintzen aurreikusten nituen denboren barruan nindoala. Gorputza gaizki izanda ere, pentsatutako ordutegian nindoan; horrek ere harritzen ninduen. Igoeretan inoiz ez bezala sentitu nintzen azkenerako».

Sufrituta eta «burugogorkeriaz» amaitu zuen lasterketa horietakoa izan zen iazko Zegama-Aizkorriko maratoia. Azken bi urteotan nazioarteko zenbait probatan gertatu zaio karranpekin sufritzea, eta asteburu honetako lasterketan «zerbaitek klik» egin zuen bere barruan. Hori dela eta, eten bat egitea erabaki du korrikalari oñatiarrak: «Arazoaren jatorria zein den aurkitu behar dut. Badirudi buruko zerbait dela, eta horrek azkenerako kolapso fisikoa eragiten duela. Galduta sentitzen naiz. Galdera asko ditut, eta erantzunik bat ere ez. Oraintxe bertan, ez dakit zein izango den hurrengo urratsa».

Malen Osak maite du korrika egitea, lehiatzea, mendia. «Nire ingurukoek badakite inoiz baino gehiago ari naizela gozatzen egiten dudanarekin. Prozesua maite dut, korrika egitea maite dut, entrenatzea maite dut, beste edozer baino gehiago. Inoiz baino hobeto sentitzen naiz, nire bizitzako sasoirik onenean nago eta inoiz baino indartsuago nago. Baina beste aldea ere ezagutzen dute maite nautenek». Horregatik, arazoaren muinera iritsi arte, eten bat egitea erabaki du. «Ziur nago berriro lehiatuko naizela, baina ez mentalki prest nagoela sentitu arte. Pixka bat aldendu eta erantzunak bilatzeko garaia da. Eta itzultzen naizenean, inoiz baino indartsuago, osasuntsuago eta zoriontsuago itzuliko naiz. Hori baita kontua». Mezuaren amaieran, jendeak bihotz ematen idatzitako mezu guztiak eskertu nahi izan ditu Osak. «Jenderik onenaz inguratuta egoteak, horrek ematen dit esperantzarik handiena».

Apirilaren 26an etxeko lasterketan, hain maitea duen Aloñako igoeran, parte hartzeko asmoa zuen Osak, eta, ondoren, maiatzaren 17an, Zegama-Aizkorrin, Golden Trail World Series zirkuituko lehen proban.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA