Kelly Fonkengek (Iruñea, 2006) hirugarren sasoia du Beti Onak-en. Azkena izango du, Bera Beran ariko baita aurrerantzean. «Oso eskertuta nago Beti Onak-i», aitortu du.
Azken unean geratu zarete ligako kanporaketetatik kanpo. Eman diozue buelta?
Nik bai. Kirola horrelakoa da: daukazun guztia emateak ez du ziurtatzen irabaztea. Hobetu eta aurrera egin beharra dago, ez dago besterik. Gogotsu gaude Koparako; ilusio handia pizten digu hura jokatzeak. Gainera, etxetik oso gertu ariko gara, eta jende asko etorriko da gu animatzera.
Iaz finala jokatu zenuten Bera Beraren aurka. Orduko oroitzapenak etorri zaizkizue burura azken egunetan?
Bai. Nire kirol ibilbidean bizi dudan esperientzia politenetako bat izan zen: sekulako giroa sortu zen taldean, eta, horri esker, txapelketa bikaina jokatu genuen. Inork ez zuen espero horren ondo ariko ginenik. Izan ere, oso bolada txarrean iritsi ginen, baina erakutsi genuen benetan zer-nolako taldea garen. Horri esker, Europako Koparako eta Iberiar Superkoparako sailkatu ginen. Sasoi honetan lehiaketa askotan aritu gara, eta horrek hazteko balio izan digu.
Zein helburu duzue?
Gozatzea, ondo jokatzea eta geure buruarekin pozik egotea. Hori eginda, irabazten badugu, poza handiagoa izango da. Hala ere, emaitzak ez dira dena, eta guk jada erakutsi dugu talde gisa hazi egin garela.
Guardesen aurka jokatuko duzue gaur. Zer itxura hartzen diozu partida horri?
Aurkari gogorra da. Haren aurka jokatzen dugunean ez dago erdibiderik: edo guk irabazten dugu, edo haiek.
Zein izango da gakoa?
Burutsu jokatzea, eta une erabakigarrietan, presio gehien dagoenean, aurrera egitea, ez atzera. Malagaren aurka ondo aritu ginen defentsan, eta horri eutsi behar diogu. Guardesi irabaztea da gure lehen helburua. Ez dugu besterik buruan.
Jakina da Beti Onak utzi eta Bera Beran jokatuko duzula. Hau da, azken partida jokatzekotan zaude. Horrek bereziago egin du dena?
Ni lasai nago, eta, oraingoz, egun arruntak izaten ari dira. Lehiaketan daukat arreta osoa. Ez dut denbora askorik etorkizunean pentsatzeko. Nolanahi ere, ahalik eta ondoen bukatu nahi dut, eta ahalik eta gehien gozatu. Gustatuko litzaidake Kopan ahalik eta urrutien iristea. Agur esateko erarik onena litzateke.
Hiru urte egin dituzu Beti Onak-en. Eskertuta zaude klubarekin?
Bai, izugarri, eman didan aukeragatik, nigan konfiantza izateagatik eta horrenbeste ikasi eta gozatu izanagatik. Nire lehen taldea izan da, eta nire sostengua azken hiru urteetan. Aho zapore gozoarekin utzi nahi dut.
Donostian jokatuko duzue Kopa, eta han ariko zara hurrengo sasoian. Aukera ona duzu zure dohainen berri emateko.
Hala da. Gogotsu nago erronka berriei heltzeko.