Bera Berako jokalaria

Shula Gavilan: «Itzela izan zen duela bi urtekoa, eta denok bizi nahi dugu ordukoa berriro»

Espainiako Kopako azken fasea jokatuko dute gaurtik igandera, Donostian, Illunben. Bera Bera etxean ariko da, eta hori baliatu nahi du laugarrenez jarraian txapeldun izateko. Gaur, Aularen aurka ariko da (20:30, RTVE Play). «Gogotsu» dago Gavilan.

SHULA GAVILAN. JUAN ANTONIO GOIKOETXEA
Shula Gavilan. JUAN ANTONIO GOIKOETXEA
Julen Etxeberria.
2026ko maiatzaren 8a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Shula Gavilanek (Villa Maria, Argentina, 1996) laugarren denboraldia du Bera Beran. Gutxienez, beste bat egingo du, beste urtebeterako berritu baitu kontratua Donostiako taldearekin. «Oso zoriontsu naiz hemen. Familia handi bat topatu dut Bera Beran». 

Kopa jokatuko duzue, etxean. Zer moduz zaudete?

Oso ondo gaude. Ondo egin ditugu aurreko lanak, eta horrek konfiantza handia eman digu. Prest gaude Kopaz bete-betean gozatzeko. Lehiaketa berezia da, eta, aurtengoa are bereziagoa, etxean ariko baikara, gure zaleen aurrean. Oso bolada ona daramagu Kopan [azken hiru ekitaldiak irabazi ditu Bera Berak], eta luzatu egin nahi dugu.

Aspaldi ez duzue galdu, Europarako sailkapena ziurtatu duzue, eta ligako finalerdietarako sailkatu zarete. Denboraldiko sasoirik onenetako batean zaudete?

Bi jokalarik min hartu dute [Tchaptchetek eta Somazak], eta horrek gehiago batu gaitu. Haiengatik borrokatuko gara, bai Kopan, bai ligako azken txanpan. Urtarrilean txakalaldi bat izan genuen, baina garai txar horretan ikasi genuen gauzak oso ondo egin behar direla irabazteko. Lezio hori ikasi dugu. Orain, ilusio handia dugu Koparako. Azkenaldian egiten ari garena egin nahi dugu: gogor entrenatu, gabeziak konpondu, eta pistan bete-betean aritu. Etxean jokatuko dugu, eta ahalik eta gehien disfrutatu eta aprobetxatu behar dugu hori.

Tchaptchetek eta biok jokatzen duzue pibote postuan. Hura gabe, erantzukizun handiagoa duzu?

Bai. Pena da Lyndieri gertatu zaiona, baina ni prest nago edozeri aurre egiteko eta taldeari ahalik eta gehien laguntzeko. Esperientzia dut, eta horrek mesede egiten dit. Argi dut ez dudala egin behar dakidana baino gehiago.  

Faboritoak zarete. Presioa sumatzen duzue?

Bera Berako jokalariok beti jokatzen dugu presiopean. Espainiako Ligako talderik onenetako bat da Bera Bera, eta taldearen elastikoa janzten duzunean badakizu barruan duzun guztia eman behar duzula. Nire ustez, jada ikasi dugu presiopean jokatzen: akuilu da, ez traba.

Aula Valladoliden aurka ariko zarete gaur. Zer itxura hartzen diozue partida horri?

Haien aurka etxean jokatu genuen azken partida lehiatua izan zen hasieran, haien bigarren lerroa oso bizia baita; oso azkar egiten dute korri. Adi eta sendo aritu beharko dugu defentsan, guk egiteko korri, ez haiek. Defentsan ari gara ondoen azkenaldian, eta horri eutsi behar diogu. Erasoan, berriz, ahalik eta baloi gutxien galdu behar ditugu. 

Lehen partida horretatik harago erreparatu diozue?

Ez. Hanka sartze larria litzateke pentsatzea zer etor daitekeen gero. Aulari irabazi nahi diogu lehenbizi, eta gero gerokoak.

2.000 ikusle baino gehiago izango dira Illunben, gehien-gehienak Bera Berako zaleak. Zer sentitzen duzue giro horretan jokatzen duzuenean?

Gozamen hutsa da. Gure zaleak gure motorra dira; bultza egiten gaituzte aurrera. Duela bi urte irabazi egin genuen Kopa Illunben, eta itzela izan zen ordukoa, bai pistan eta bai pistatik kanpo. Denok nahi dugu berriro hori bizitzea. Bi urte pasatu dira, baina oraindik oilo ipurdia jartzen zait gogoratzen dudanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA