Alaves: indartzea eta onenei eustea helburu

Kontuan hartuta Quique Sanchez Floresek asmoa duela jokatzeko beste sistema bat ezartzeko, aldaketak izango dira Alavesen lerro guztietan. Sergio Fernandez kirol zuzendaria bete-betean ari da lanean, hainbat jokalariren kontratua luzatzeko ere bai.

Jon Guridi baloiarekin aurrera egiten, atzean Rayoko Pedro Diaz duela. L. RICO / EFE
Jon Guridi baloiarekin aurrera egiten, atzean Rayoko Pedro Diaz duela. L. RICO / EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko maiatzaren 29a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alavesek Cervantes pasealekuan dituen bulegoetan lanez lepo dabiltza. Denboraldiaren balantzea egiteko agerraldian, Sergio Fernandez kirol zuzendariak argi esan zuen postu guztietan egin nahi dituztela fitxaketak. Eta horretan ari da lanean. Baina, aldi berean, erronken artean izango du multzoan garrantzitsuak diren hainbat jokalariri eustea. Guridiri eta Protesoniri ekainaren 30ean amaituko zaie kontratua, eta klubak eskaintza egina die dagoeneko. Datorren asterako erantzun beharko dute. Gebarak, Antonio Blancok eta Siverak, berriz, 2027ra arte dute kontratua Alavesekin, eta ikusi behar zer-nola kudeatzen duten egoera. Fernandezek adierazi duenez, klubak nahiago du jokalari horiek taldean jarraitzea, haien bitartez etekin ekonomikoa ateratzea baino. Bestalde, Toni Martinezek eta Boyek denboraldi bikaina egin dute, eta baliteke eskaintzak jasotzea.

Fitxaketak lerro guztietan

Denboraldia amaituta, Sanchez Floresek adierazi zuen taldea berreraikitzeko asmoa duela, eta datorren denboraldian gutxiago sufritzea izango dela helburua. Berreraikuntza hori marrazkian bertan ere nabarituko da. 1-4-4-2 sistema du gustukoen entrenatzaile espainiarrak. Coudeten lekukoa hartu zuenean, mailari eustea zen lehentasuna, eta ez zuen askorik aldatu marrazkia. Bai, ordea, jokatzeko modua. Coudeten agindupean, Alavesek baloia oinetan izan nahi zuen, eta joko erasokorra egin. Atzean, baina, nahiko talde hauskorra bihurtu zen. Sanchez Floresekin, taldeak joko praktikoagoa egin du: atzean sendo egonda, bertikalagoak izan dira aurrera jotzeko orduan. Marrazkia aldatuta, joko horri segida eman nahi dio entrenatzaile espainiarrak. Baloia edukitzearen eta oldarkor aritzearen arteko oreka lortzea izango du helburu. Jokatzeko modu horretatik abiatuta, jokalariekin asmatzea izango da gakoa. Fernandezek ez du zehaztasunik eman, baina argi utzi du «lerro guztietan» egingo dituztela fitxaketak. Azken urteetan asko izan dira Realetik Alaveserako bidea egin duten jokalariak: Gebara, Guridi, Pacheco.... Hala, baliteke Aritz Elustondo izatea arabarren lehen fitxaketa, talde txuri-urdinak ez baitio kontratua berritu.  

Guridi eta Protesoni

Fernandezek ahobizarrik gabe hitz egin du Guridiren eta Protesoniren etorkizunaz. Ekainaren 30ean amaitzekoa da haien kontratua, eta mahai gainean dute eskaintza: lehenak 2028ra artekoa, eta bigarrenak, 2029ra artekoak. Orain euren esku dute jarraitu ala ez, eta datorren asterako erantzun beharko dute. Biek taldean jarraitzea nahi du klubak.

Azpeitiarraren egoera asko aldatu da Sanchez Flores etorri ondotik. Coudetekin apenas izan zuen aukerarik hasieratik jokatzeko, baina, entrenatzaile espainiarrarekin, hasieratik aritu da partida gehientsuenetan. Erdian freskotasuna ematen dio taldeari, jokalari ahaltsua baita fisikoki. Hain justu ere, hori nabarmendu zuen Sanchez Floresek: «Hankak fresko dituzten jokalariak behar ditugu. Freskotasuna behar dugu, eta Guridi eta Protesoni zelaiaren parte handi bat hartzen duten jokalariak dira». Atzelari uruguaitarrak ez du nahi bezainbeste jokatu, min hartuta egon baita behin baino gehiagotan.

Raul Fernandez atezainari ere sasoi honetan amaituko zaio egungo kontratua. Baina, ezusterik ezean, taldea utziko du, klubak utzita dauzkan bi atezainetako baten alde egingo baitu: Owonoren edo Adrian Rodriguezen alde.

Koski bai, Diabate zalantzan

Sasoi honetan, utzita jokatu dute Pachecok, Calebek, Ibrahim Diabatek eta Ville Koskik Alavesen. Pacheco eta Calebe jatorrizko klubera itzuliko dira, eta zalantzan dago zer gertatuko den Diabaterekin eta Koskirekin. Erdiko atzelari argentinarrak, Gasteizera iritsi zenean, meniskoa minduta zeukan. Horrek ezinbestean eragin zion denboraldi hasierako jardunean. Halere, martxoan debutatu, eta aurrerapausoak eman ditu ordutik. Fernandezek adierazi du ezustekoa hartu dutela ikusita Koski nola aritu den, eta Alavesen jarraitzea nahi dute. Diabateren egoera ez dago horren argi. Oraingoz, ez du ematen klubak aurrelaria erosteko hautua egingo duenik, diru asko ordaindu behar baita horretarako. Bederatzi partida jokatu, eta bi gol sartu ditu. 

Taldeko golegileak jomugan

Alavesek mailari eutsi badio, Toni Martinezek eta Lucas Boyek aurrean distira egin dutelako eutsi dio, neurri batean. Martinezek bigarren itzuli gogoangarria egin du, eta denboraldia hamalau gol sartuta amaitu. Boyek, berriz, 11 sartu ditu, nahiz eta hainbat partidatan min hartuta egon den. Bikote paregabea osatu dute aurrean. Orain, ordea, Alavesek du buruhaustea: nola lortu kate motzean erakusleihoan dauden bi aurrelariak. Boyek 2029ra arte du kontratua; Toni Martinezek, berriz, 2028ra bitarte. Sergio Fernandezek esan du Martinezek «interesa pizten» duela merkatuan, baina oraingoz ez dutela eskaintza formalik jaso: «Jarraitzea gustatuko litzaiguke. Eskaintza oso handia jasotzea izango da Martinez joateko aukera bakarra».

Hiru lemazainen etorkizuna, ziurtatu gabe

Gebara, Antonio Blanco eta Sivera funtsezko jokalariak izan dira azken denboraldietan. Haien etorkizuna, ordea, ez dago argi. 2027an amaituko zaie kontratua hirurei. Haien inguruan, kirol zuzendariak adierazi du klubaren asmoa ez dela jokalariak saltzea. Dena den, denboraldi honetan Blanco eta Sivera giltzarri izan badira ere, Gebarak ez du azken denboraldietako protagonismorik izan. Sanchez Floresek emandako azken prentsaurrekoan adierazi zuen Blanco «jokalari handia» dela, eta «irudimen handia» beharko dutela hura ordezkatu behar izanez gero. Siveraren kasuan, atezainak berak egindako adierazpenak kontuan hartuta, badirudi Gasteizen jarraitzeko hautua egingo duela. Gebarari dagokionez, Fernandezek esan du ez duela denboraldi «erraza» izan, baina ez dagoela «arazorik» harekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA