Ametsa uretaratu nahi dute

Lehendabizikoz Kontxan lehiatu nahi du Zarautzek; bandera irabaztea du desio, berriz, Tolosaldeak. Gaur jokatuko dute sailkatze estropada (18:00). Lehia estua espero da.

Tolosaldea ziaboga ematen, Donostian, Euskotren ligako estropada batean. JON URBE / FOKU
Tolosaldea ziaboga ematen, Donostian, Euskotren ligako estropada batean. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko irailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berezia da Kontxako Bandera. Kuttuna arraunlari askorentzat, gozagarria zaleentzat. Batzuentzat ametsa da bandera irabaztea; beste batzuk, berriz, lehiatze hutsarekin konformatzen dira. Izan ere, ez dago tokirik traineru guztientzat. Gaur jokatuko dute emakumezkoek Kontxarako sailkatze estropada (18:00, EITB1), eta orduan argituko da zein zortzi ontzi ariko diren hurrengo bi igandeetan. Arraun Lagunak-ek ziurtatua du lekua, hura izan baita ligan ondoen sailkatu den Donostiako trainerua. Kontrara, Donostiarra taldeak aurrenekoz jokatu beharko du sailkatze estropada.

21 ontzi lehiatuko dira gaur erlojupekoan, eta aurreneko zazpiek soilik hartuko dute parte Kontxan. ETE liga irabazi berritan, itxaropentsu daude Zarautz taldeko arraunlariak. Hala esan du Libe Goñik: «Lehenengo aldiz Kontxan sartzeko ilusioz goaz. Beste urteetan ezinezkoa iruditzen zitzaigun, eta aurten, liga irabazita, uste dugu aukerak, behintzat, baditugula». Lortuz gero, taldea aurrenekoz sailkatuko litzateke.

Estropada erabakigarriak jokatuko dituzte hurrengo asteetan; hasteko, Kontxarako sailkatze estropada. Gero, ahal bada, Kontxa bera; eta amaitzeko, Euskotren ligara igotzeko kanporaketak. «Urduri» daude, baina borrokarako «prest» eta «gogotsu»: «Egunero ari gara horretaz hizketan: eta hau pasatuko balitz? Eta igoko bagina? Eta Kontxan sartuko bagina? Erronka handia eta zaila da, baina uste dut kapazak garela. Eta bestela ere gustura geratuko gara egindako denboraldiarekin».

Ez da gutxiagorako. Zarautzek lehen aldiz irabazi du ETE liga, eta arraunlariak fin aritu dira. Lehia estua izan dute San Juanekin. Azkenean, puntu bateko aldeaz gailendu dira. «Oso kontent gaude. Ezin dugu gehiago eskatu. San Juanekin hor ibili gara denbora guztian: beraiek irabazi, guk irabazi... Uste dut, halere, horrek punttu bat eman diola ligari, grazia hori. San Juani eta guri indarra eman digu horrela ibiltzeak; lehiak balio izan digu».

«Beste urteetan ezinezkoa iruditzen zitzaigun, eta aurten, liga irabazita, uste dugu aukerak, behintzat, baditugula»

LIBE GOÑI Zarautz taldeko arraunlaria

Horiek horrela, bete-betean iritsi dira sasoi amaierara. Gogoratu du, gainera, ezusteko asko izaten direla Kontxan: «Ezin da jakin. Edozer gauza pasatu daiteke».

Ondo sumatzen du taldea Goñik, eta hortik datorkio itxaropena. Gaur, Kontxa dute jomugan, eta jarraian, Euskotren ligara igotzea. «Kontxakoa, sailkatzen bagara, amets gisa hartuko dugu, baina baita entrenamendu gisa ere. Kanporaketei begira, ez da egongo entrenamendu hoberik».

Indartsu eta ilusioz

Kontxan parte hartu nahi du Zarautzek; bandera irabazi, berriz, Tolosaldeak. Liga «indartsu» amaitu dute. Azken estropadan sasoiko bigarren garaipena lortu zuten, eta, beste behin, aintzat hartzeko trainerua dela berretsi.

«Kontxarako gogotsu gaude, ilusioz», esan du Uxune Urkia Zerkausia ontziko arraunlariak. Baina argi du: «Sailkatze estropadan akats txiki bat egiten duenak kanpoan geratzeko arriskua du. Urtero egon izan dira sorpresak, inoiz ezin da jakin. Orain, sailkatze estropadan jarriko dugu arreta osoa».

Lehia estua egongo dela uste du: «Ligan lehen eta azken sailkatuaren artean 30 segundo baino gutxiagoren aldea egon da gehienetan, eta lehen txandakoak pare-parean ibili dira». Eta ezin dira alde batera utzi ETE ligan «puntan» ibili diren ontziak ere: Zarautz eta San Juan. «Uste dut ezustekotxoren bat eman dezaketela».

Dena ondo bidean, baina, Kontxan behar luke egon Tolosaldeak. Are, bandera dute amets: «Denboraldi bukaerak indarra eman digu, eta motibatuta gaude. Kontxa irabazteko asmoz aterako gara, garbi dago». Euskotren ligan bi estropadatan nagusitu dira aurten: Donostian eta Getarian (Gipuzkoa) jokatutakoetan, hain zuzen. «Neguan entrenamendu onak egin genituen. Urte askoan elkarrekin arraun egindako multzoari eutsi diogu, eta fitxaketek taldea indartu dute. Esango nuke inoizko talderik indartsuena dugula».

«Denboraldi bukaerak indarra eman digu, eta motibatuta gaude. Kontxa irabazteko asmoz aterako gara, garbi dago»

UXUNE URKIA Tolosaldea taldeko arraunlaria

Horrenbestez, agendan markatuta dituzte Kontxako estropadak. «Sona handia du Kontxako Banderak; historikoa da. Uste dut arraunlari guztien ametsa dela hura irabaztea», adierazi du Tolosaldeako arraunlariak. Gainera, Zerkausia ontziak demostratu du itsasoko estropadetan aritzen dela ondoen. Traineruko askok badakite zer den Kontxan jardunaldi bat irabaztea; 2023an nagusitu ziren, lehen igandean —azkenean, Arraun Lagunak-ek irabazi zuen—. Orain, beste urrats bat egin eta bandera lortu nahi dute.

Bai Tolosaldeak bai Zarautzek ametsak uretaratzea dute xede. Baina baita gainerako ontzi guztiek ere. Lanak ondo egin, eta itxaron, horixe egin beharko dute.

parte hartzaileak

  1. Tolosaldea

  2. Orio

  3. Zumaia

  4. Astillero

  5. Hibaika

  6. Donostiarra

  7. Hondarribia
  8. Zarautz
  9. San Juan
  10. Chapela
  11. Tiran
  12. Kaiku
  13. Ondarroa
  14. Deustu
  15. Isuntza
  16. Hernani
  17. Cabo
  18. Mecos
  19. Cesantes Bueu
  20. Rianxo
  21. Castropol
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.