Ametsaren bidean dena prest dute Etxeberriak eta Zabalak

Peio Etxeberriak eta Javier Zabalak igandeko lau eta erdiko finalerako pilotak aukeratu dituzte Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Zabalak esan du berak «espero baino pilota biziagoak» hautatu dituela Etxeberriak.

Javier Zabala eta Peio Etxeberria finaleko pilotak eskuartean dituztela. ARITZ LOIOLA / FOKU
Javier Zabala eta Peio Etxeberria finaleko pilotak esku artean dituztela. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilbo
2025eko azaroaren 12a
14:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udazken bete-betea da, baina zerua urdin dago Bilbon. Giroa paregabea da, bai kanpoan, baita Bilboko Miribilla auzoan dagoen Bizkaia pilotalekuan ere. Harmailak hutsik daude, eta bertan bildu diren kazetari, argazkilari eta kamerariak aurreko aulkiak eta pilotalekua bereizten dituen sarearen aurrean, kontrakantxan pilatu dira. Igandean, baina, hutsik dauden harmaila horiek jendez beteta egongo dira, lau eta erdiko finala jokatuko baitute Peio Etxeberriak eta Javier Zabalak.

11:00ak baino apur bat lehenago, kantxan ziren jadanik Jon Apezetxea Aspeko intendentea eta Mikel Urrutikoetxea eta Martin Alustiza material hautatzaileak. Pilota aukeraketaren ordua baino minutu bat lehenago, Alustiza materialaren bila sartu da aldageletako gunera, eta 11:00ak jo bezain laster irten dira Peio Etxeberria eta Andoni Gaskue haren botileroa kantxara. Prentsaurrekoaren aurretik, Zenozko (Nafarroa) aurrelariak pilotak hautatu bitartean, Zabala kantxara atera da, pilotak hautatu aurretik beroketa ariketak egitera. Nafarroako aurrelariak hautatutako pilotek 105,5 eta 105,8 gramoko pisua dute, hurrenez hurren, eta azkar aukeratu ditu. Apur bat gehiago iraun du Zabalak materiala hautatzen, eta zenbait pilota eskuetan izan baditu ere, 104,9 eta 105,9 gramoko pilotak aukeratu ditu. Prentsaurrekora sartu aurretik, harmailetako eserlekuetan eseri dira bi pilotariak. Gaskuek kazetari bati esan dio Peio Etxeberriak hala eskatuta bertaratu dela frontoira.

Zabalak hitz egin du lehenengo kazetarien aurrean, eta harridura erakutsi du Etxeberriak hautatutako piloten inguruan: «Harrituta nago; izan ere, hark pilota biziak hautatu ditu. Hala ere, neuk geratzen ziren bizienak hautatu ditut, eta jokatzeko materiala dagoela iruditzen zait». Lehenengo finala izango du maila nagusian Naiarako aurrelariak (Espainia), eta astea nola eramaten ari den azaldu du: «Ez naiz buruari buelta asko ematen ari. Peiok eta neuk jokatu ditugun norgehiagokak aztertzen ari naiz, eta horrek urduri jartzen nau. Neu, baina, beste edozein norgehiagoka balitz bezala hartzen ari naiz, eta horrek uste dut lagunduko didala igandean ez hain urduri irteten».

Aurkariaren inguruan, batez ere Etxeberriak albotik daukan kolpeak kezkatzen du Zabala: «Ezkerrez batez ere postura ezberdinak ditu. Zuloa ireki dezake zabalean, eta txokoan ere bizi ibiltzen du pilota». Profesional ibilbidean, eskuetan oinaze ugari izan ditu Errioxakoak, baina finalerako «ongi» dituela nabarmendu du. Fisikoki, Etxeberria profesionaletan dagoen pilotari indartsuenetako bat da, baina Zabalak ez du norgehiagoka gogortzearen beldurrik: «Ez diot beldurrik norgehiagoka gogortzeari. Neu ere partida berdina planteatzen saiatuko naiz, eta fisikoa haren puntu indartsuenetako bat baldin bada ere, uste dut neurea ere badela. Uste dut biak norgehiagoka bizia egiten saiatuko garela». Prentsaurrekoa amaitu eta berehala, Xabier Rekalde Aspeko aurrelariarekin entrenamendu bizia egin du Zabalak: piloteoan bizi aritu da, eta erantzuteko ezinezkoa zen sakeren bat edo beste ere atera du.

«Harrituta nago; izan ere, hark pilota biziak hautatu ditu. Hala ere, neuk geratzen ziren pilotarik bizienak hautatu ditut»

JAVIER ZABALA Aspeko pilotaria

Etxeberriaren hirugarrena

Etxeberriak hirugarren finala jokatuko du jarraian, eta horren inguruan aritu da aurrelari nafarra: «Niretzat sari bat da hemen egotea. Ez nuen sekula halakorik pentsatu, eta egunez egun gozatzen saiatzen naiz». Pilotei dagokienez, saskian aurkitu dituen «egokienak» hautatu dituela esan du: «Lehenengoa izan naiz hautatzen, eta horrek aukera gehiago ematen dizkizu erabakitzeko garaian. Gustukoen ditudan pilotak hautatu ditut». Behetik gora egin du txapelketan Zenozko aurrelariak; izan ere, Erik Jakaren aurka galdu egin zuen lehen norgehiagoka, baina hortik aurrera guztiak alde handiz irabazi ditu. Finala nola aurreikusten duen aipatu du: «Igandean txapela irabaztea ederra izango litzateke, eta hori lortzeko asmoz irtengo naiz kantxara. Hala ere, jakitun nago Zabala garai gozoan dagoela; gauzak ongi egiten ari delako iritsi da finalera». 

«Igandean txapela irabaztea ederra izango litzateke, eta hori lortzeko asmoz irtengo naiz kantxara. Hala ere, jakitun nago Zabala garai gozoan dagoela»

PEIO ETXEBERRIA Aspeko pilotaria

Lau eta erdikoaren aurreko ekitaldiekin alderatuta, aurtengoan berrikuntza bat izan da sakeari dagokionez; izan ere, lautik atera beharrean lau eta erditik atera behar izan dituzte sakeak. Zabalak aldea nabaritu du: «Peioren aurka jokatu nuen aurreko norgehiagokan, etekin handia atera nion sakeari. Lauan bote egin, eta hirugarren koadroa baino aurrerago ematen nion pilotari». Txapelketa hasieran pilota «jartzera» soilik joaten zela esan du, eta «kosta» egin zitzaiola horretara egokitzea. Etxeberriak, berriz, lau eta erditik sakatu zuen Bizkaia torneoan, eta ez du «alde handirik» nabaritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.