Nerea Zusberro Alberro.
Analista eta kazetaria

Heroi berriak

2026ko apirilaren 19a
10:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Reala Espaniako Kopako txapeldun da. Barrenetxeak partida hasi eta 14 segundora sartu zuen partidako lehen gola, eta hori izan zen finaleko lehen inflexio-puntua. Sekula ez dugu jakingo Realak gol hori sartu ez balu, zein izango zen entrenatzaile bakoitzaren asmoa. Baina, ziurrenik, txuri-urdinei gol horrek aukera eman zien egin nahi zutena lasaiago egiteko; bai, behintzat, lehen hogei minutuetan. Aletico Madrilek, berriz, bere plana aldatu behar izan zuen. Ondorioz, Diego Pablo Simeone Cholo-k zuzentzen duen taldea deseroso aritu zen.

Atletico Madrilen presio altua saihestea.

Realak ez zuen aurkariaren presio altura gainditu nahi izan, saihestu baizik. Altetico Madrilen ezaugarrietako bat zera da: aurkariak baloia atzetik ateratzen duenean, hark duen egiturara egokitzen dela. Bartzelonaren aurka  Txapeldunen Ligako final-laurdenetako partidan jokatu zuen kanporaketan, adibidez, 1-5-2-3 marrazkia erabili zuen aurkaria geldiarazten saiatzeko. Pellegrino Matarazzok, Realaren entrenatzaileak, Atletico Madrilen plana baldintzatu nahi izan zuen hasieratik; batez ere madrildarrek baloia ez zutenean. Guedes Oiartzabalengandik oso gertu jarri zuen horretarako. Realak gola hain azkar sartzeak, gainera, espero baino gehiago izatera behartu zuen Atletico Madril. 

1000253891 (2)
Ander Barrenetxea eta Luca Sucic, finaleko lehen gola ospatzen.GIOVANNI BATISTA

Txuri-urdinek, berriz, partida berdinduta zegoen uneetarako gorde zuten eraso posizionala. Momentu horietan geldoago jokatu zuten, eta jokaldiak gehiago landu zituzten. Orokorrean txuri-urdinek ondo kudeatu zituzten baloiren jabe ziren momentuak; baina ondo aritu ziren baita ere aurkariak baloia zuenean.

Reala bloke ertaineanbaloia  ez zuenean

Barrenetxearen golari esker, Realak Atletico Madrili utzi zion baloiaren jabetza. Talde txuri-urdinak 1-4-4-2 marrazkia erabili zuen, eta bloke ertainean finkatu zen. Horri esker zera lortu zuten: Griezmannek eta Julian Alvarezek lerro artean bizkarrez baloia jasotzen zutenean, buelta ez ematea. Hain zuzen, hori zen zalantza nagusietako bat: zein aurrelari motaren alde egingo zuen Simeonek. Izan ere, Griezmann eta Julian Alvarez ez dira aurrelari petoak, baizik eta asko mugitzen direnak; Sorloth, berriz, bai. Baina norvegiarra ez zen hasieratik aritu. Hala Realak zonakako defentsa erabili zuen, aurrean Atletico Madrilek ez zuelako erreferentziarik.

Hala ere, Atletico Madrilek jakin zuen Realari min egiten. Kokek ezker-eskuin egin zituen pase gurutzatuen bidez egin zuen. Hark Lookman bilatu zuen ezker hegalean. Lookmanek oinera zein espaziora jasotzen zituen baloiak, eta abiadura baliatuta arrisku asko sortu zuen. Jon Mikel Aramburuk sufritu egin zuen harekin izandako buruz-buruko jokaldietan. Baina Lookmanen gola ez zen halako jokaldi batean iritsi. Aramburu urruti zegoen jokaldi hartan, aldaratze baten ostean izan baitzen, area ertzean. 

Bloke ertainetik bloke altura

Lehen zatian Matarazzok etengabe eman zuen goran presioa egiteko agindua. Horrek arrisku bat zuen: defentsan espazio edo metro gehiegi uztea. Baina aldi berean baloi asko berreskuratu zituen, eta deseroso sentiarazi zituen Atletico Madrilen defentsa lerroko jokalari guztiak. Hala ere, bigarren zatian talde txuri-urdina nekea antzematen hasi zen. Ondorioz, lerroak ez zituen hain batuta, eta jokalarien blokea ez zen batera muguitzen. Taldea atzean sartzen joan zen. Orduan hasi zen Atletico Madril lerro artean Julian Alvarez aurkitzen. Baina Jon Martinek ondo eutsi zion, eta buruz-buruko jokaldietan nagusi izan zen. 

Irtenbiderik gabe, heroi berriak

Bi entrenatzaileak aldaketak egiten hasi zirenean, norgehiagoka aldatu egin zen. Atletico Madrilek hobera egin zuen; Realak, ordea, ez zuen irtenbiderik topatu. Matarazzok behartuta egin zituen aldaketak. Guedes eta Oiartzabal oso nekatuta zeuden, eta kendu egin behar izan zituen. Simeonek, berriz, kanpotik barrura mugitu zuen Llorente. Horri esker, Atletico Madrilek sakonago jokatu ahal izan zuen, batez ere eskuinetik. Gainera, aurrean Sorloth egoteak, atzerapauso bat ematera behartu zituen Realeko atzelariak. Realak momentu zailak bizi izan zituen minutu horietan. Hala ere, ondo eutsi zion, eta penaltietan txapeldun izan zen.

Hor azaldu ziren heroi berriak: Marrero eta Marin. Marrerok bi penalti gelditu zituen, eta Marinek azkena sartu zuen. Marrerok lehen bi penaltiak gelditu izana erabakigarria izan zen, ez bakarrik kirol ikuspegitik, baita psikologikoki ere. Izan ere, hori ikusita, Atletico Madrileko jokalariek zalantza gehagorekin jaurti zuten; Realekoek, berriz, lasaiago eta konfiantza handiagoz. Marreroren energiak eta lanak Kopa irabaztea ahalbidetu zuen, eta belaunaldi berriek titulu bat bete-betean ospatu ahal izatea. Izan ere, 2021ean ezinezkoa izan zen. Belaunaldi horrentzat da, besteak beste, atzo Realak irabazitako Espainiako Kopa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA