Ez da batere erraza Andoni Iraolaren lekua hartzea. Euskal entrenatzaileak 56 eta 57 puntu lortu zituen Bournemouthen aulkian egon zen azkeneko bi denboraldietan. Europa ligarako sailkatu zen bi azkenengoan. Baina, are gehiago, nortasun propioa eman zion taldeari. Hasiera ez da erraza izan Marco Roserentzat. Ez du irabazi Premier Leagueko lehenengo lau partidetan, baina entrenatzaile alemaniarrak aurreko denboraldian ezustekoa eman zuen taldearen ezaugarri nagusiei eutsi nahi izan die: esaterako, baloirik gabeko oldarkortasuna eta estilo bertikala, tradizio ingelesak agintzen duen bezala, baloia duenean.
Joko zuzena aurkariaren presioa gainditzeko
Roseren Bournemouthek joko zuzena eta konbinatiboa tartekatzen ditu baloia duenean. Izan ere, bi erdiko atzelari titularrek ezaugarri desberdinak eta osagarriak dituzte. Eskuin atzelaria den James Hillek pase luze onak egiten ditu, eta taldeak uda honetan fitxatu berri duen Antonio Silvak, berriz, irteera bikaina du baloia gidatuz, Reala bezalako taldeen kontra, hau da atezainaren baloi irteera aurkariaren zelaian presionatzen duten taldeen kontra, ohikoa da Petrovicek edo Hillek Evanilson zuzenean bilatzea. Rosek bere hamaikako gustukoenean aldaketak egin ditzakeen arren, Elxetik datorren Alvaro Rodriguezek antzeko profila du joko zuzenean nagusitzeko gaitasunean. Ezinbestekoa izango da Jon Martinen presentzia bai buruz, bai Bournemouthen aurrelaria bizkarrez dagoenean. Aldi berean, zelai erdiko jokalari txuri-urdinak azkar aktibatu behar izango dira bigarren jokaldia irabazteko.
Aldaratze gunea
Orain arte, Roseren hasierako hamaikakoa baloiarekin osatzen duen egitura bezain egonkorra da. Bournemouth 4-2-3-1 jokatzeko sistematik abiatzen da, baina azkar birkokatzen da baloia duenean. Hegalek altuera hartzen dute, batez ere Truffertek ezkerrean, eta hiru jokalariko irteera osatzen dute erdiko atzelariek eta Adams euskarriak. Bere ezaugarri nagusia da jokalari asko pilatzea aurkariaren zelai erdiaren bizkarrean. Ezkerrean dagoen Tavernierrek bere posizioa ixten du, Scott euskarriak aurrera egiten du eta biak Kluivert dagoen altueran kokatzen dira. Realak, beraz, bereziki zaindu beharko du eremu horretan izango duen desabantaila jokalari kopuruari dagokionez. 4-4-2an kokatuta, bere euskarri bikoitzak ondo landu behar izango ditu Bournemouthek barrura sartu nahi izango dituen baloiak, Scott bereziki zainduta. Aldi berean, Ingalaterrako taldeak hegaletik aurrera egiten duenean aldaratze guneari erreparatu beharko dio. Rayan jokalari bikaina da buruz burukoan, eta Kluivert errematatzaile ona baloia iristen zaionean.
Txuri-urdinen kontraerasoa
Bournemouthek arrisku asko hartzen ditu baloia duenean. Silvak baloia gidatzen du, posizioa galduta, hegalek altuera handia irabazten dute, eta Adams, erdilari gisa, bakar-bakarrik geratzen da, ardatz horizontalean hainbeste metro hartzea ezinezkoa bihurtuz. Ez litzateke harritzekoa izango Matarazzok Ochieng aukeratzea Truffertek eta Silvak osatutako ezkerreko eremuaren bizkarra erasotzeko. Realaren aukerak, neurri handi batean, kontraerasoaren eraginkortasunean oinarrituko dira.