andoni egana

Ispiluan

2025eko uztailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Askotan kontatu izan dut. Bizarra egiten harrapatu ninduen ostiral iluntze hartan berri txarrak. Hogeita bost urte pasatu dira baina gogoan dut nora eta norekin joan behar nuen. «Iñurrategietako bat hil da», entzun nuen, eta ispiluari begira geratu nintzaion luzaroan. Beste ezer egiteko kemenik gabe. Konturatu nintzen arte, bi malkok ihes egin zidatela, eta begiertzetatik ezpainertzetarako bidea egin zutela apar zuritan.

Mende laurdena joan den honetan, ezinbesteko galdera egiten diot maiz neure buruari. Eta gertatu ez balitz, zer zatekeen orain Felix? Auskalo! Irudika dezaket goi mendiak utzi, bera baino ikaskide ondotxo gazteagoz inguratuta CAP-a egin, eta irakasle. Ez edonon. Maisu irudikatzen dut, Arabako Lautadako iparraldera dagoen herri txiki batean. Mendilerroaren oinetan, ume txikiei grazia egiten die bere erremerreak. Baina hura berriz entzuteko desiratzen itzultzen dira astelehenero. Tarteka, umetan Patxi, Xanti eta Juanitori ikasitako bertso zaharrak kantatzen dizkie; noizbehinka mendi irteerak egiten dituzte, eta behin, Elgeako haize errotak erraldoi begien bistara, On Kixote zein zen azaldu zien haurrei oso bere erara. Bere eskola emateko moduak txoratzen dauzka umeak; gurasoak kontent. Eta Lakuan ere ez du inongo ezinegonik sortu, ikuskaria, iritsi zen lehen egunetik limurtu baitzuen hiru hitz egoki eta irribarre zintzo batez.

Bere deiaren zain nago. «Hi, Andoni! Etorriko al hintzateke goiz batez gure eskolara umeei lagun baten heriotza, ispilua, bizarra egiteko aparra eta malkoen ipuin hura kontatzera?». Baietz erantzuten hasiko naiz. «Konta ezak, eta nik baliatuko diat, metaforaz, heriotzaz edo, aparra glaziarraren iruditzat harturik, klima aldaketaren larritasunaz hitz egiteko. Zer iruditzen zaik?». Esango ez diot ba baietz, joango naizela!

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.