Ibai Zabala Gandarias
Pilotari ohia

Kaiolatik ringera

2026ko azaroaren 23a
14:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau eta Erdiko Txapelketa lehen aldiz 1953. urtean jokatu zen, baina ibilbide laburra izan zuen eskuzko modalitate berri hark; pilotazaleak erakartzen ez zituenez, bertan behera utzi zuten orduko enpresek 1958an. ETBren ekimenez berreskuratu zuten txapelketa 31 urte geroago, 1989an. Aro modernoko lehen txapelketa hura lau pilotarik jokatu zuten, eta 200 pilotazale baino ez zituen batu finalean. Baina urteen poderioz eta pilotarien lan ederrari esker, indar handia hartu du lau eta erdikoak, eta gaur egun buruz burukoak adina ikusmin sortzen du.

Hala ere, azken 27 urteetan ez da soilik pilotazaleen erantzuna aldatu, jokatzeko modua ere bai. Izan ere, 90eko hamarkadan eta milurteko honen hasieran, boteko jokoa zen nagusi. Horrek bide bat behintzat zabaltzen zien atzelariei, aurrelarientzat aproposagoa zen lehian noizbehinka muturra sartzeko: sakearekin min egin eta luze jokatuz zein bi pareta joz tantoak egiteko aukera zuten. Baina Juan Martinez de Irujok buruz buruko lehietara ekarri zuen airezko jokamolde bizi hark eta 2010. urtean ezarritako sake bakarreko legeak lehiatik kanpo utzi zituzten atzelariak; Abel Barriola izan zen azken mohikanoa. Harrezkero, airezko joko bizi horretan abilak diren aurrelarientzako txapelketa bihurtu zen lau eta erdikoa.

Jokoaren barruko kontuez harago, berezko izen edo goitizena ere izan du modalitateak: kaiola. Izan ere, jokalekua mugatzeak eta horren leku mugatuan oilarrak lehian jartzeak bikain irudikatzen baitu kaiola batean gertatzen dena edo gerta daitekeena.

Eta zera pentsatuko duzue: zertarako ari zaigu morroi hau erretolika hori guztia kontatzen? Bada, iruditzen zaidalako lau eta erdian jokatzeko aldaera berri bat ikusten ari garela azken urteotan, eta atzoko finala da horren erakusgarri. Azken hamarkada eta erdian tantoa bizi eta azkar bukatzen zutenek izan dute abantaila: Olaizola II.ak, Irujok, Bengoetxea VI.ak, Altuna III.ak eta enparauek. Baina beste jokatzeko modu bat ari da nagusitzen orain: katu-borroka. Beti aurrera egin, kantxaren zentroaz jabetu eta aurkaria apnean jokatzera behartu: bisturiaren zehaztasuna baino gehiago, ukabilaren indarra. Eta iruditzen zait Peio Etxeberriak eta Javier Zabalak bikain gorpuzten dutela iraultza hori. Aurrera egiten dute beti, eta gai dira pilota edonola astintzeko: punpa lasterrez, besagain, airez, punpa goraz... Agian, ez dute tantoa bukatzeko edo angeluak zorrozteko berezko dohainik, baina pilota nolanahi jotzeko gaitasun horrek eta erakusten duten sasoi ikaragarriak surf egiteko zaila den olatu bihurtzen ditu.

Eta hori izan zen, nire ustez, atzo ikusi genuen ikuskizun ederraren oinarria: jokatzeko beste modu bat sortu dela. Kaiola zena ring bihurtu zuten Etxeberriak eta Zabalak, eta zenoztarra atera zen garaile atzokoan; KO bidez baino gehiago, puntuetan. Bejondeiela biei!

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA