Nerea Zusberro Alberro
Arbeletik zelaira

Lesioak eta aurrelariaren krisia

2026ko azaroaren 5a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Olympique Lyon ez dago garairik onenean. Urteak dira Frantziako Ligan zuen nagusitasuna galdu zuela. PSG da orain Frantziako talderik indartsuena. Bestalde, astelehenean, Paulo Fonseca entrenatzaileak kargua utzi zuen, Sporting Lisboara joateko. Horrez gain, belaunaldi aldaketa batean da gaur egun. Azken asteetan ere jokalari askok hartu dute min. Frantziako harrobirik onena izan du, eta gaur egun talentua sortzeko zer-nolako gaitasuna duen erakusten ari da taldea. Benzema, Lacazette, Anderson, Di Nallo eta halako goi mailako aurrelariak izan ditu Lyonek, baina Fonsecak benetako buruhausteak izan ditu Lois Openda aurrelaria min hartuta egon delako. Joko sistema egokitu behar izan zuen, besteak besteak. Ikusteko dago entrenatzaile berriak zer egiten duen. Gaur Fonsecaren laguntzaileetako bat eseriko da aulkian: Jorge Maciel. Baina bi egunetan aldaketa gutxi espero dira. Fonsecaren aginduetara egon denean, ondorengo ezaugarriak izan ditu Frantziako taldeak. 

Egitura aldaketa

Opendaren lesioak eta aurrelari posturako errelebo naturalik ez edukitzeak egitura aldatzera behartu du Lyon. Ohiko 1-4-3-3 sistemarekin jokatu beharrean, 1-4-4-2arekin egin du, erronboan kokatuta. Marrazki horretan, jokalari aurreratuenak eta, beraz, sakon jokatzeko modua ematen dutenak hegalak dira. Sasi-aurrelari postuan jokatzen duen jokalaria erdi-punta gisa kokatzen da erronbo horretan. Zeregin horretan gehien aritu den jokalaria Khalis Merah izan da, 19 urteko jokalaria. Merahk gaitasun handia du baloia barrutik eramateko, eta kanpotik ari diren jokalariekin jokaldiak lotzeko. Pavel Sulcek lan bera egin dezake, baina min hartuta dago hura ere. Hoffenheimen aurka Remi Himbertek jokatu zuen, espaziora jokatzeko duen gaitasuna baliatzeko. Himbertek 18 urte ditu, eta ezker hegalean jarduten du normalean. Lyonek ez du aurrelari petorik izango Realaren aurka. Union Saint-Gilloisen eta Lillestromen aurka talde txuri-urdineko erdiko atzelariek aurrelari garaiak izan zituzten aurrean. Baina Lyonen aurka izango duten erronka oso bestelakoa izango da.

Euskarriaren garrantzia

Frantziako taldeak ez dio baloiaren jabe izateari uko egiten. Atzetik motzean ateratzeari ematen dio lehentasuna, eta eraso posizional luzeak egiteko gai da. Hala ere, hori egiteko jokalari garrantzitsu bat faltako dute: Tyler Morton. Erdilaria Lyonen iparrorratza da, eta Manchester Unitedek hura fitxatu nahi duela zabaldu da. Taktikoki pieza oso garrantzitsua da, Lyonek arrisku handiak hartzen baititu baloia atzetik ateratzen duenean. Erdiko atzelariak asko ireki ohi dira alboetara, eta euskarria haien artean kokatu ohi da, baloia jasotzeko eta aurkariaren presioa gainditzeko. Realak baloiak berreskuratzeko aukera izango du, Lyonen zelaian presioa ondo egiten badu. Baina Frantziako taldearen jokoa geldiarazteko modurik onena bloke ertainean ondo antolatuta egotea izango da. 

Barrura sartu, ondoren kanpotik aurrera egiteko

Euskarriak —Tessmannek edo Bidstrupek jokatuko dute postu horretan—, Lyonen baloi irteera ahalbidetzeaz edo errazteaz gain, pase onak emateko gaitasuna izan behar du. Zertarako? Bada, aurkariaren lerroak gainditzeko, hori baita bidea Lyonek bere jokalari erabakigarriak lerro artean aurkitzeko. Horixe da, hain zuzen ere, Mortonen bertute handienetako bat. Erronboa oinarri duen 1-4-4-2 egitura horretan, gutxienez hiru jokalari agertuko dira Realaren zelai erdiko jokalarien bizkarrean. Pellegrino Matarazzok zuzentzen duen taldeak 1-4-4-2 sistema erabili ohi du baloia ez duenean, eta bloke ertainean kokatzen da. Beraz, txuri-urdinen erronka nagusia ondorengoa izango da: jokalari kopuru aldetik Frantziako taldeak barrutik izango duen nagusitasuna zaintzea.

Openda min hartuta dagoela kontuan hartuta, zaindu beharreko jokalaria Nakamura izango da. Nahiz eta ezker hegaletik jokatu, japoniarrak aprobetxatu egiten du ezker hegalak hartzen duen altuera,Tolissorekin posizioa aldatu, eta barrutik agertzeko. Jokalari bikaina da bai lerro artean, bai buruz buruko jokaldietan. Reala Lyonek barrutik egiten duen joko hori gelditzeko gai bada, aukera izango du kontraerasoak egiteko. Lortzen ez badu, sendo aritu beharko du arearen defentsan. 

Lyonen blokea mugitzea

Lyonek bloke ertaina lehenesten du, eta ez da batere erraza hura gainditzea. Gainera, areatik gertu defendatzen duenean, oso ekipo estua da, erdiko lerroa ondo babesten duena. PSGri 72 minutu kostatu zitzaion lehenengo gola sartzea, nahiz eta baloia denboraren %69tan izan. Aurkaria 1-4-3-3ko sisteman kokatuta dagonean, Lyonek 1-4-4-2ko sistema erabiltzen du. Hala, erasoko hegalak erdiko atzelariekin parekatzen ditu, eta sasi-aurrelari moduan ari den jokalaria euskarriarekin. 

Hori eginda, barruko erdilariek hegaletara jotzen dute, talde osoa alde batetik bestera mugituz. Horrekin espazioa kontrako aldean sortzen da, eta hortik azaltzen da libre dagoen hegalekoa. Realak aurrera egiteko izan dezakeen beste modu bat ondorengoa da: barrukoek presio egiteko ematen duten jauzia aprobetxatzea, Sucic edo Oiartzabal alboetan agertzeko. Nolanahi ere, Matarazzok zuzentzen duen taldeak aurkari ordenatu bat izango du aurrean, eta partida ondo landu beharko du, Lyon desegituratzeko. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA