Zalantzarik gabe, azken bi denboraldietan PSG izan da nagusi —Luis Enrique Martinezek zuzentzen du taldea— Europako futbolean, bai emaitzetan eta bai jokatzeko moduan. Frantziako taldeak azken bi Txapeldunen Ligak irabazi ditu, eta, gainera, haren jokatzeko moduak indarra hartu du egungo futbolean. Fisikoari erreparatuta, banakako lehiak irabazten dituzten jokalariak ditu lerro guztietan. Horri esker, taktikoki arrisku asko hartzen ditu. Partiden planaz galdetzen diotenean, argi erantzuten du teknikariak: «Aurkariak baino gol bat gehiago sartzea». Horren adibide argiena ondorengoa izan zen: Txapeldunen Ligan Bayern Munichen aurka jokatutako finalerdietako kanporaketa.
Arsenalek bakarrik lortu zuen estu hartzea, antagonikoa izan zen jokatzeko modu bat oinarri hartuta: defentsan sendo arituta. Finalean baloirik gabe egin zuen partida ezin hobea izan zen. Saliba, Magalhaes eta Rice dira jokalari erabakigarriak arlo horretan. Mikel Artetak zuzentzen duen taldeak izan zuen meriturik handiena penaltietara iristea izan zen. Egongo al da talderik denboraldi honetan PSG gorenetik kenduko duena?
Proiektu berriak
Hori lortzeko aukera duten hiru taldek aldaketa asko izan dituzte, aulkitik hasita. Enzo Maresca da orain Manchester Cityren entrenatzailea, Andoni Iraola Liverpoolena eta Jose Mourinho Real Madrilena. Bartzelonak eta Bayern Munichek, berriz, zenbait fitxaketa egin dituzte, baina segida eman diete beren proiektuei.
Cityk Anderson, Enzo Fernandez eta Bouaddi fitxatu ditu zelai erdia indartzeko. Udako merkatuan 100 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu. Taktikoki jokalari oso onak dira, eta baloia edukiz gero aurkaria menderatzeko gaitasuna dutenak. Baina ikusteko dago taldeak nola jardungo duen.
Liverpoolek denboraldi etsigarria egin zuen Arne Sloten aginduetara, eta Iraola fitxatu dute taldeari nortasuna emateko. Liga zalantza handiekin hasi dute. Egin duten inbertsiorik handiena Barcolarena izan da. PSGtik fitxatu dute, 125 milioi euroren truke.
Real Madrilek lehiatzeko gaitasun handia duten jokalariak fitxatu ditu. Horien adibide dira Bernardo Silva eta Cucurella. Bernardo Silva fitxatuz, Modric eta Kross joan zirenetik zelai erdian izan dituzten gabeziak konpondu nahi izan dituzte. Hain zuzen ere, gabezia horiengatik ezinean aritu da Europan azken denboraldietan. Cucurellak, berriz, atzean emango dio indarra.
Hautagai posibleak
Badira talde batzuk ligaxka on bat egin eta faboritoak kinka larrian jartzeko aukera izan dezaketenak. Unai Emeryren Aston Villa da horietako bat. Nahiz eta Konsa erdiko atzelaria faltako duen, erasora begira indartu egin da, nabarmen. Mbaye eta Nicolas Jackson senegaldarrak fitxatu ditu. Manzambi ere Emeryren aginduetara egongo da, Munduko Kopako aurrelari onenetakoa. Taldeak inoiz egin duen fitxaketarik garestiena da. Liga gaizki hasi dute, baina, jokalari horiek egokituz joan ahala, trantsizioetan min handia egingo dute.
Atletico Madril ere ondo lehiatzen da beti. Batez ere atzealdea indartu du Espainiako taldeak. Huljmand —euskarrian aritzen da— eta Cuti Romero —erdiko atzelari postuan jokatzen du— fitxatu ditu, eta horrek azken denboraldietan galdu duen sendotasuna eman diezaioke atzean. Manchester Unitedek, berriz, zelai erdian jarri du arreta. Bruno Fernandesi laguntzen Tielemans arituko da. Portugaldarrak jokoa zuzentzeko ardura izango du; belgikarrak, berriz, aurrera egiteko eta sakon jokatzeko ahala emango dizkio.
Berritasunak
Txapeldunen Ligan estreinakoz arituko da Como. Cesc Fabregasek zuzentzen du Italiako taldea, eta multzo oso gaztea du. Alex Valle fitxatu du Bartzelonatik eta Jacobo Ramon Real Madriletik. Atzelariak dira biak, eta 22 eta 21 urte baino ez dituzte hurrenez hurren. Jesus Rodriguezek 20 urte ditu. Aurreko denboraldian iritsi zen Comora Betisetik, eta aurkariak desorekatzeko gai dela erakutsi zuen. Nabarmendu beharreko beste jokalari bat Nico Paz da. Luis Millak, berriz, sendotasuna eta esperientzia emango dizkio zelai erdiari.
Austriako LASK taldeak ere lehen aldia izango du Europako kluben arteko txapelketa nagusian. Celtic utzi zuen kanpoan atariko kanporaketan, eta Samuel Adeniran eta Moses Usor dira talde horretan kontuan hartu beharreko bi jokalariak. Adeniranek bi gol sartu zizkion Eskoziako taldeari.
Azerbaijango Sabahk taldeak ere golegile bikain bat du: Simic. Hura izan da Txapeldunen Ligako sailkapen faseko golegile nagusia. Zortzi partidatan sei gol sartu ditu. Norvegiako Viking da txapelketan arituko den beste talde berria.