Klubean inork nahi ez zuen taldearen aurka jokatuko du Realak Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa: Chelsea zen, zalantzarik gabe, zozketako aurkaririk zailena. Sonia Bompastorrek entrenatzen duen taldea Europako txapelketa nagusiko azken kanporaketara iristeko diseinatuta dago. Izan ere, azken denboraldia alde batera utzita, finalerdiak jokatu ditu aurreko hiru urteetan. Hau da, izarrez beteriko talde bat da, eta, beraz, Txapeldunen Ligako ligaxkan aritzeko erronka zaila izango dute txuri-urdinek. Nolanahi ere, kanporaketako emaitza dena dela, Arturo Ruizen taldeak aukera paregabea du hazteko. Hala, kanporaketa horretan, Realak lehiatzea izan behar du erronka, irabaztea baino gehiago.
Bizkarrezurrari eutsi dio
Realak ez bezala, Chelseak bizkarrezurrari eutsi ahal izan dio udan. Sam Kerr aurrelariak baino ez du utzi Ingalaterrako taldea. Erdiko atzelari titularrek taldean jarraitzen dute: Naomi Girmak, Kadeisha Buchananek, Veerle Buurmanek eta Lucy Bronzek. Azken hori erdiko atzelari ari da Bompastorren esanetara, ondo aritu ere. Hain zuzen, erdiko atzelari sendoak izatea izan da beti Chelsearen ezaugarrietako bat.
Zelai erdian, Keira Walsh, Sjoeke Nuesken eta Erin Cuthbert dabiltza. Hirukote hori gai da baloia zentzuz mugitzeko. Baloirik gabeko bloke ertainean ere bikain moldatzen da. Hori da, hain zuzen ere, Bompastorren Chelsearen ezaugarri nagusietako bat: ondo egokitzen da baloia duenean, baita ez duenean ere, orduan erasora joateko aukeraren zain geratzen baita. Zelai erdia oso orekatua du, bai arlo fisikoan, bai teknikoan. Aurrean aritzen dira taldeko bi izar nagusiak: Lauren James eta Alyssa Thompson. Aurten, Agnes Beever-Jones gazteak lagunduko die.
Nahiago du eraso azkarrak egin
Olympique Lyon entrenatzen zuenean bezala, Bompastorrek bloke ertainaren alde egin ohi du Chelsean, presio handiari denbora luzez eutsi beharrean. Frantziako taldeak bezala, Chelseak ere pieza azkarrak ditu erasoko trantsizioak abiatzeko. Bompastorren joko sistema kutuna 4-1-4-1 da, eta jokalari trinkoak jarri ohi ditu zelai erdian. Alboetan, ordea, jokalari desorekatzaileen alde egin ohi du, kontraerasoan bizi ateratzeko. Beraz, ez litzateke harritzekoa izango Chelsearen plana Realari baloia ematea izatea. Hori gertatzen bada, talde txuri-urdinak arreta berezia jarri beharko dio bere eskuin eremuari. Izan ere, Lucia Rodriguezek taldea utzi eta gero, defentsan abiadura galdu du Realak, eta Esther Laborde ez dago oraindik sasoi betean. Hala, baliteke Euskal Herriko Kopan Athleticen aurka egin zuen bezala, Arturo Ruizek bost atzelari zelairatzea Chelsearen aurka, alboetan defentsako laguntzak bikoizteko asmoz. Realak ondo neurtu beharko zenbat metro uzten dituen bere defentsako lerroaren bizkarrean.
Jabetza ziurtatu eta kanpotik aurrera egin
Realak izan duen galerarik handienetako bat zera izan da, Andreia Jacintok taldea uztea. Jokalari portugaldarrak bere onena eman zuen iragan denboraldian, Paula Fernandezekin batera. Euskarriak rol posizionalagoa onartu zuenez, Andreiak askatasun handiagoa izan zuen baloiarekin abantaila izateko. Baina portugaldarra Real Madrilera joan da, eta Klara Cahynova da orain piezarik garrantzitsuena Realaren sormen jokoan. Txekiar Errepublikako jokalariak argitu beharko ditu txuri-urdinen eraso posizionalak, Chelsea bloke ertainean finkatzen denean. Garrantzitsua izango da Cahynova defentsako lerrora hurbiltzea baloia jaso eta alde batetik bestera eramateko, Chelsea mugitzera behartzeko. Barruko jokalariak, esaterako, Ainhoa Martin, Intza Egiguren eta Nerea Eizagirre bera, finkatzaileak izan beharko dute, barruan baloia jaso baino gehiago, Realak kanpotik aurrera egin dezan. Lan horretan nabarmentzen ari da Laura Camino hegaleko jokalari erasokorra. Baloia barruan sartzea arrisku handia da Chelsearen tankerako talde baten aurrean.
Jabetza ziurtatzeak modua emango dio Realari, trantsizio defentsiboak murrizteko ez ezik, aurkariaren zelaira blokean iristeko ere. Lucia Pardok eta Mirari Uriak taldea utzi dute, eta, horren ondorioz, Realak abiadura galdu du. Ava Seelenfreud, ordea, oso abila da arean errematatzen.
Lauren Jamesen askatasuna
Abiaduraz gain, Chelseak badu oso kontuan hartzeko beste indargune bat: Lauren James. Eraso posizionalean, ezker hegaletik abiatuta, eraso eremu osoan mugitzeko eta barrutik nagusitasunak sortzeko askatasun osoa du Jamesek. Trebezia handia du erasoko kideekin jokatzeko, baita urrutitik jaurtitzeko ere. Beraz, Realak munduko jokalari trebeenetako bat geldiarazi beharko du.