Reala eta Union Saint-Gilloise guztiz kontrako helburuetatik abiatzen dira jokatzen dutenean. Belgikako taldea defentsan egiten duen lanaren bidez hazten da; talde txuri-urdina, berriz, maiz erortzen da joan eta etorriko partidaren tranpan.
David Hubertek zuzentzen duen taldeari gol bakarra sartu diote azken lau partidetan. Gainera, ez du galdu lehen jardunalditik. Bodo Glimt taldearen aurka galdu zuen, Txapeldunen Liga jokatzen ari den taldearen aurka. Pellegrino Matarazzorenak, berriz, bederatzi gol sartu ditu ligako azken lau partidetan, baina beste horrenbeste sartu dizkiote. Beraz, partida ireki batek a priori Realari mesede egiten baldin badio ere, Belgikako taldeak baditu elementu batzuk buruhauste izan daitezkeenak Realaren defentsa lerroari.
Baloia aurkariaren zelaian berreskuratzea
Union Saint-Gilloise oso eroso sentitzen da aurkariari baloia edukitzen uzten dionean. Europa ligako lehen jardunaldian hala egin zuen Viktoria Pilsenen aurka. Hori eginez zera lortu nahi du: aurkariaren zelaian baloia lapurtzea. Nahiz eta aurkariaren ateko sakeetan jokalariak buruz buru parekatzen dituen, baloia ez duenean bloke ertainean kokatu ohi da normalean. Bere oinarrizko sistema 1-5-3-2 bada ere, askotan 1-4-4-2 marrazkia erabiltzen du, hegal bakoitzean bi jokalari dituzten aurkarietara egokitu ahal izateko. Horrela jardutearen helburua zera da: erdiko erreia ixtea, aurkariak baloia barruan sartzen duenean berreskuratzeko. Lerroak gertu mantentzen dituzte, aurkariari baloia jasotzeko tokia murrizteko. Beraz, haren blokea motza da.
Eraso posizionalean ari denean Realak Belgikako taldearen defentsa lerroaren bizkarrean aurkituko ditu zuloak. Izan ere, Union Saint-Gilloiseko erdiko atzelariek sufritu egiten dute zuloak topatzeko mugimendu azkarrak egiten dituzten jokalarien aurrean.Â
Baina Huberten taldeak baloia aurkariaren zelaiaren azken herenean berreskuratzen duenean, azkar jotzen du erasora, eta jokalari askorekin iristen da areara. Bi aurrelariez gain, alde ahuleko atzeko hegalekoa bigarren zutoinean agertzen da. Eskuin hegaletik, adibidez, Louis Patris oso ondo iristen da erremate gunera; baita barrutik jokatzen duten bi erdilariak ere. Zelenik, adibidez, oso jaurtiketa ona dauka.
Baloia lapurtu osteko lapurreta
Realak azkar aktibatu beharko du baloia galtzen duenean. Hala aurkariak kontraerasora ez jotzea lortuko du, eta gainera, askotan orduan has daiteke talde txuri-urdina min egiten. Izan ere, atzeko hegaletan jokatzen duten haien bi jokalariek, Luis Patrisek eskuinetik eta Guilherme Smithek ezkerretik, gora egiteko ohitura handia dute beren taldeak baloia duenean. Hala, baloia galduz gero, eta atzera korrika egin behar badute, Realak zulo asko topatuko ditu haien bizkarrean. Chibanik edo Kricfalusik osatzen dute defentsa lerroa ezkerrean. Biak dira atzelari gazteak, garaiak eta motelak.Â
Kricfalusi, adibidez, 1,95 metro luze da, eta kosta egiten zaio atzera egitea gora egiten duenean eta aurkariaren jokalari bat hortik min egiten saiatzen denean, batez ere bizkorra bada. Bornemouthen aurkako partidan, antzeko testuinguru batean, Matarazzok Barrenetxea aukeratu zuen Trufferten bizkarrean min egiteko. Ochieng eta Guedes ere jokalari egokiak izan daitezke hori egiteko. Eskuinean, berriz, Havennar japoniarra pieza taktiko bat da. Nahiz eta erdiko atzelaria izan, hegaleko baten lana egiten du maiz. Beraz, askotan, zuzenketak egitera behartzen du erdiko atzelaria, eta Sylla ez da bereziki sendoa lehietan. Horrenbestez, partida bizia eta joan-etorrikoa komeni zaio Realari. Kontraerasoaren bidez egin behar du min.
Joko zuzena
Belgikako taldearen eraso posizionala ia simulazio bat da. Baloia atzetik ateratzen duenean, hiruko defentsa lerroa laukoa bihurtzen du. Euskarria eta barrutik jokatzen duen erdilarietako bat jokaldiaren oinarrira hurbiltzen dira, baina helburua ez da bi jokalari horietako batek baloia jasotzea, baizik eta aurkari gehiago erakartzea bertan. Hala, zuzen jokatzen dute, berehala bi aurrelariak bilatuz. Floucz zigortuta egon da, eta baliteke gaur bueltatzea. Baina Biondicek eta Mokofengek jokatu dute aurrean orain arte. Alemaniarra eta hegoafrikarra elkarren osagarri dira. Biondici bizkarrez jokatzea gustatzen zaio, aurkariaren defentsa lerroa atzetik ateratzeko. Hala, zuloak sortzen ditu Mokofengentzat, eta hark ederki baliatzen ditu. Denboraldi honetan lau gol sartu ditu dagoeneko. Horietako bat, hain zuzen ere, Viktoria Pilsenen aurka izan zen, Europa ligako lehen jardunaldian. Ateko sake batean defentsa lerroaren bizkarra bilatuta iritsi zen. Realeko erdiko atzelari bikoteak egingo dituen zaintzak eta laguntzak oso garrantzitsuak izango dira bi aurrelarien aurrean.