Nerea Zusberro Alberro.
Analista eta kazetaria

Sporting prest dago bizi jokatzeko

2026ko urtarrilaren 28a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athletic bikain aritu zen Bergamon, Atalantaren aurkako bigarren zatian. Denboraldi honetan, inoiz baino hobeto aritu zen minutu horietan Txapeldunen Ligan. Partidaren hasieran, Ernesto Valverdek 5-4-1 sisteman jarri zituen jokalariak, Italiako taldearen sistemara egokitzeko. Talde zuri-gorriaren erdiko blokeak ondo eutsi zion Atalantari, baina baloirik gabeko marrazki berri horrek kontraerasora ateratzeko ia baliabiderik gabe utzi zuen Athletic. Markagailua 1-0 zegoela, Valverdek partidaren plana aldatu zuen eta, horren ondorioz, baita gidoia ere. Sancet sartu, eta bere ohiko 4-4-2 sistema berreskuratu zuen, italiarren baloi irteeran bloke altuan presio itogarria eginez. Atalantak bere zelaian baloia galtzea behartu zuen, eta etxekoen ahulezia nagusia aprobetxatu: zuri-gorriek Atalantaren defentsa lerroaren presio jauziak aprobetxatu zituzten haien bizkarrari erasotzeko. Beraz, goian presioa egiteko moduan ez ezik, eraginkortasunean ere bere onena berreskuratu zuen Athleticek. Joan den denboraldiko Athletic izan zen 45 minutuz.

Gaur jokatuko du ligaxkako azken partida, San Mamesen, Sporting Portugalen aurka. Lisboako taldeak ez dio muzin egiten partida irekiak jokatzeari, eta eroso aritzen da eraso azkarretan eta trantsizioetan. Athleticek erritmo biziko partida proposatzen badio, portugaldarrek gogo onez onartuko dute.

Luis Suarez, erabakigarria erasoan

Luis Suarez aurrelari kolonbiarra da Sportingen erasoko emariaren katalizatzailea, bai eraso posizionalean, bai kontraerasoan. Rui Borgesek entrenatutako taldearen baloi irteerako egiturak 4-2-4 sistemaren itxura hartzen du, defentsa lerroa atezainarengandik oso gertu dagoela. Bestalde, erasoko lerroa aurkariaren zelaian kokatzen du, aurrelaria eta erdi-punta aurkariaren erdiko atzelari bikotearen gainean lan eginez. Portugalgo taldea oso luze kokatzen da, lerroen artean espazioa nahita utzita, Luis Suarezi harrera eta bira egiteko metroak emateko asmoz. Gonçalo Inacio ezker erdiko atzelariak bikain ateratzen du baloia, eta, hura ez dagoenean, Matheus Reis hegalekoa bikain aritu izan da erdiko atzelari moduan. Ivan Fresnedak ere irteera garbia ematen dio bere taldeari eskuin hegaletik abiatuta. Lisboako taldearen defentsa lerroak kolonbiarra lerro artean aurkitzeko kalitate nahikoa du.

Bizkarrez jasotzen duenean, Luis Suarezek euskarri bikoitzera edo erdi-puntara pasatzen du baloia, erasoko hegalekin konektatu dezaten. Kolonbiarrak, lehenik, baloia jaso eta aurpegiz uzten du, eta, bigarrenik, haustura mugimendua bilatzen du aurkariaren areari erasotzeko. Sportingek lau pase soilik behar izaten ditu aurkariaren areara iristeko. Eta automatismo bera behin eta berriz errepikatzeak ez dio eraginkortasunik kentzen. Kontraerasoan antzeko baliabideak erabiltzen ditu, baina dena are azkarrago garatzen dute. Trincao erasoko trantsizioaren gidari bikaina da. Oso ondo moldatzen da Luis Suarezekin, eta oso bikote erasokorra osatzen dute. Athleticek goian presionatzen badu, bereziki zaindu beharko ditu Luis Suarezek eta bere kideek lerro artean uzten dituzten metroak, Sportingek antolatzen dituen eraso azkarrak baretzeko.

Erasoko ahalmena kanpoko erreietan

Partida irekietan, are garrantzi handiagoa du dueluak irabazteak. Eta kanpoko erreietan Athleticek lehia txiki asko izango ditu partidaren garapenean erabakigarriak izan daitezkeenak. Sportingen ezaugarrietako bat hegalek ematen dioten abiadura eta sakontasuna da. Quenda, Catamo eta Alisson Santos gazteak azkarrak dira, eta irekita bizi dira euren taldea aurkariaren areara hurbiltzeko. Araujok, berriz, bere posizioa apur bat gehiago ixten du aurkariaren erdiko atzelariaren eta hegalaren artean sortzen den espazioari erasotzeko. Nolanahi ere, hegalak izango dira bi taldeen desoreka iturri nagusietako bat.

Sportingen erdiko blokeari erasotzea

Eraso azkarrak sortzeko duen gaitasunagatik, Sportingek ez du baloia eduki beharrik. Badaki fase luzeetan erdiko blokean egoten, eta hainbat egitura erabiltzen ditu horretarako, beti aurkariari egokituta. Marrazkia alde batera utzita, hegalek kanpotik barrurantz egiten dute presio mugimendua, aurreko denboraldian Valverderen taldeak baloi irteeran hiru jokalari erabiltzen zituzten taldeak presionatzen zituen antzera. Gainera, Portugalgo taldearen euskarri bikoitza Athleticeko erdilariekin parekatuko direla kontuan izanda, talde zuri-gorriak erreietan izango du espazioa aurrera egiteko. Erdi-puntaren hegalera lerratzeak, bereziki Sancet baldin bada, asko lagundu diezaieke zuri-gorriei aurrera egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA