Emakumezkoen Txapeldunen Liga gaur hasiko da. Joan den denboraldian gertatu bezala, lehen fasea ligaxka moduan jokatuko dute. Emakumezkoen futbola gizonezkoenaren bide beretik doa lehiaketaren formatuan. Baina ez horretan bakarrik, baita joera orokorretan ere. Hautagai nagusiek bide beretik jarraitzen duten arren, 2024-2025 denboraldiko txapeldunak, Arsenalek, indarra hartu du. Ingalaterrako futbolak Bartzelonaren eta Lyonen nagusitasun historikoa amaitu nahi du. Hala erakutsi dute bertako talde indartsuenek, egin dituzten fitxaketekin. Dirua gastatu dute, eta izen handiak fitxatu dituzte.
Titulurako hautagaiak
Bartzelonari azken urteetan erakutsi duen nagusitasuna berrestea egokituko zaio, hainbat jokalari garrantzitsuk taldea utzi eta gero. Aurreko denboraldian ligaxka lehen tokian amaitu zuen, eta garaikurra laugarren aldiz irabaztea lortu zuen. Dena den, finalerdietako joaneko partidan Bayern Munichek estu hartu zuen: 1-1. Itzulerakoan Pere Romeu entrenatzaileak asmatu egin zuen taktikoki, eta Bartzelona finalerako sailkatu zen. Argi utzi zuen Europan futbol asoziatiboaren adierazle nagusia dela oraindik ere.
Baina denboraldi honetan aspalditik taldearen bizkarrezurra ziren hainbat jokalari galdu ditu. Mapi Leon eta Alexia Putellas London City Lionesses taldera joan dira, etorkizunean indartsua izango den taldeetako batera. Ingalaterrako ligan bigarrenez arituko da Ona Batlle, Arsenalen. Lyonekin fitxatu du, berriz, Salma Paralluelok. Bertan Jonathan Giraldezen aginduetara izango da. Aurretik ere Bartzelonan entrenatzaile izan zuen Giraldez. Bartzelonak egin duen fitxaketa nagusia Kerolin Nicoli aurrelari brasildarra izan da, Manchester Citytik. Helburua: tradizioak inbertsioari aurre egiten jarraitzea.
Arsenal eta Lyon dira Bartzelona gorenetik kentzeko hautagai nagusiak. Hain zuzen ere, Bartzelona-Arsenal partidaz gozatu ahal izango dugu ligaxkako laugarren jardunaldian. Renee Slegersek zuzentzen duen taldea da udako fitxaketen merkatuan gehien indartu den taldea. Katie McCaabe ordezkatzeko Ona Batlle aukeratu dute, eta aldi berean Stanway erosi dute zelai erdia indartzeko. Biak futbolari estrategikoak ziren Bartzelonaren eta Bayernen jokatzeko moduan, hurrenez hurren. Bosgarren jardunaldian beste partida handi bat izango dugu, Arsenalek eta Lyonek neurtuko baitituzte indarrak. Paralluelo fitxatuta Giraldezek kontraerasoan aritzeko gaitasun handia duen jokalari bat fitxatu du, eta bizi jokatzen duena. Bi gaitasun horiek bat datoz Lyonen jokatzeko moduarekin. Aldi berean taktikoki adimen handia duen jokalaria da Paralluelo, Bartzelonan aritutako jokalari gehienak bezala. Hori ere emango dio Frantziako taldeari.
Besteak
Bayern Munichek eta Chelseak osatzen dute faboritoen zerrenda. Aurreko denboraldian bi taldeak lehen lau sailkatuen artean gelditu ziren lehen ligaxkan. Ingalaterrako taldeak Malard fitxatu du Manchester Unitedetik, Kerr ordezkatzeko. Debutean bi gol sartu zizkion Realari, atariko kanporaketan. Bi taldeek ez dute aldaketarik egin aulkian, eta Bompastorren eta Barcalaren eskutik segida eman nahi diote orain arteko lanari. Baloirik gabeko zorroztasun taktikoan eta erasoan trantsizioak egiteko gaitasunean oinarritzen da haien jokoa. Seigarren jardunaldian Bayern eta Bartzelona arituko dira parez pare, eta estilo desberdina duten bi taldeen arteko neurketa ikusi ahal izango dugu.
Real Madril, Juventus eta Paris FC Koska bat beherago daude. Real Madrilen Felicia Schroder jokalariari erreparatu beharko zaio, Europa Kopako golegile nagusia izan baitzen Suediako Hacken taldearekin. Paris FC taldeak, berriz, azken bi denboraldietan indarra galdu duen PSGren tokia har dezake. Juventusek ezustekoa eman zuen aurreko aldian, eta lehen hamabien artean sailkatu zen. Erromaren aurretik egin zuen. Iragan astean Amaiur Sarriegi fitxatu zuen Turingo taldeak.
Nobedadeak eta debutariak
Manchester City txapelketara itzuliko da, Ingalaterrako liga irabazi eta gero. Hala, Chelseak aurreko sei denboraldietan izandako nagusitasuna amaiarazi zuen. Mead aurrelaria fitxatu dute Arsenaletik. Gainontzean jokalari multzoa ez du ia aldatu. Andre Jeglertzek zuzentzen du taldea, eta baliteke txapelketako ezusteetako bat izatea.
Aurreneko aldiz arituko direnak, berriz, Inter eta Austria Wien dira. Italiako taldeari egutegi gogorra egokitu zaio. Lyonen, Manchester Cityren, Real Madrilen eta Arsenalen aurka jokatu beharko du hirugarren jardunalditik aurrera. Austriako taldetik Modesta Uka jokalaria nabarmendu behar da. Kosovoko aurrelariak azken faserako sailkatu zuen bere taldea, Branenn aurkako itzulerako partidan hiru gol sartuta.