Nerea Zusberro Alberro
Arbeletik zelaira

Zigilu ezberdina, baina bertute eta akats berdintsuak

2026ko azaroaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak bihar Europa ligan izango duen aurkariarentzat, Crystal Palacentzat, gauzak asko aldatu dira azken hilabeteetan. Oliver Glasner entrenatzailea taldetik atera zen udan. Hiru urtez egon zen prestatzaile lanak egiten, eta Konferentzia liga irabazi zuen. Pierre Sage aukeratu zuten haren lekua hartzeko. Entrenatzaile berriaren apustua ordu artekoari jarraipena ematea izan zen. Hala, jokalari multzoa eta jokatzeko ereduaren egitura nagusiak mantendu zituen. Baina kargutik kendu zuten, hamar jardunalditan soilik zazpi puntu lortu ondoren. Gaur egun Crystal Palace Premier Leagueko azken sailkatua da. Joan den larunbatean estreinakoz eseri zen taldearen aulkian Thomas Frank. Coventry Cityren aurka neurtu zituzten indarrak, eta galdu egin zuten: 3-2. Frankek ibilbide luzea egin du Ingalaterrako ligan, eta partida bakarra zuzendu duen arren, taldeari bere zigilua jarri nahiko diola dirudi.

Egitura aldaketak

Glasnerrek eta Sagek erabili zituzten marrazki edo egiturak hauek izan ziren: 1-3-4-3 taldeak baloia zuenean, eta 1-5-4-1 ez zuenean. Frankek, ordea, 1-4-4-2 marrazkiaren aldeko apustua egin zuen debutean. Erronboan kokatu zen taldea baloia zuen faseetan, eta lerroan ez zuenean. Taldeak baloia zuenean euskarria erdiko atzelarien artean kokatu zen, eta horrek zera ahalbidetu zion: landuta zituen automatismo guztiak baliatzea. Coventry Cityren aurrean, hiru jokalarirekin atera zuen atzetik baloia, aipatutako euskarria erdian kokatuta, eta atzeko bi hegalak zabal eta eta luze kokatuta. Erasoan aritu ziren hegalekoak, berriz, itxiago, barrurago, kokatu ziren. 

Baloirik gabeko egoeretan aldaketa gehiago izan ziren, ez bakarrik marrazkian, baita jarreran ere. Frankek zuzentzen duen taldea ez zen horren oldarkor aritu presioan, eta bloke ertainean finkatu zen norgehiagokako fase luzeetan. Aurreko bi entrenatzaileekin, aurkariak baloia hiru jokalarirekin ateratzen zuenean, erasoan aritzen ziren hegalekoak alboetako atzelariekin parekatzen ziren, eta atzekoek ere aurre egiten zuten, bizkarrean metroak utziz. Orain, hegalen bizkarreko eremu hori, funtsean, baloia galtzen dutenean agertzen da.

Bournemouthen antzeko bertuteak

Realak Ingalaterrako Ligako beste talde baten aurka jokatu du denboraldi honetan Europa ligan: Bournemouthen kontra. Bada bi taldeek duten ezaugarri bat: azken lerroan jokalariak pilatzeko gaitasuna. Aurrelariari, erasoko hegalekoak —itxita jokatzen dute— eta punta erdia gehitzen zaizkie. Taldeko jokalari erabakigarrienetako bat Yeremy Pino da, Vila-realeko jokalari ohia. Gainera, Frankek Daichi Kamada kokatu du erronboaren puntan. Talentu handia du Kamadak. Coventryren aurkako partidan batetik bestera mugitzeko askatasuna izan zuen, bai ardatz horizontalean, bai bertikalean. Lerroen artean agertzeko eta haustura mugimenduak egiteko aukera ere izan zuen. Frankek Matetarengan konfiantza izango duen edo Larsseni jarraipena emango dion jakiteko zain, Kamada da Palaceko izarra. Gogora dezagun Bournemouthen aurka Pellegrino Matarazzok bost jokalariz osatutako defentsa lerroa ipini zuela, atzelarien arteko tarteak murriztu, eta aurkariaren jokalarien haustura mugimenduak kontrolatzeko. Planak, ordea, ez zuen funtzionatu. Hala, bigarren zatian Realak ohiko lauko defentsa lerroarekin jokatu zuen. Txuri-urdinek arreta handiz zaindu beharko dituzte Palacen barruko jokalarien haustura mugimenduak.

Atzera egitean sufritzen dute

Palaceko barruko jokalariek tokia izan dezaten, atzeko hegalekoek errail osoa hartzen dute. Hala, baloia galtzen dutenean sufritu egiten dute bizkarrera, batez ere eskuin aldean. Daniel Muñoz kolonbiarra Nottingham Forestera joan zen Glasnerrekin. Hura ordezkatzeko Anan Khalaili fitxatu zuten Union Saint Gilloisetik. Khalailik gehiago sufritzen du atzera korritzeko orduan. Horrez gain, eskuinetik jokatzen duen erdiko atzelaria, Axel Disasi, oso garaia da, eta kosta egiten zaio albora ateratzea. Hala, kontraerasoan min egiteko aukera izan dezake Realak, batez ere Gonçalo Guedesek. Sasoia gorabeheratsu hasi zuen portugaldarrak, baina Racingen aurka neurketa txukuna jokatu zuen, eta horri segida eman nahiko dio. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA