Ander Gerrikaetxebarria eta Maria Victoria Soler garaile Ehunmiliak proban

Goierriko Bi Handiak proban, berriz, Ander Iñarra lezoarra eta Olatz Azazeta altsasuarra nagusitu dira.

Unai Dorronsoro, Ander Gerrikaetxebarria eta Fidel Fernandez Ehunmiliak probako podiumean. ARIANE VIERBUECHER / GOIERRIKO HITZA
Unai Dorronsoro, Ander Gerrikaetxebarria eta Fidel Fernandez Ehunmilak probako podiumean. ARIANE VIERBÜCHER / GOIERRIKO HITZA
2025eko uztailaren 13a
10:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Amaitu dira Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak probak. Aurrenekoan, Ander Gerrikaetxebarriak lortu du garaipena gizonezkoetan, eta Maria Victoria Soler nagusitu da emakumezkoetan. G2H proban, berriz, Ander Iñarra eta Olatz Azazeta izan dira garaileak.

Ander Gerrikaetxebarria zornotzarra gailendu da Ehunmiliak proban, azken unean. 15.04.06ko denboran osatu du 125 kilometroko ibilbidea. Atzo 11:00etan hasi zen lasterketa, eta 02:00ak pasatxo zirenean heldu dira lehen kirolariak helmugara. Eguraldia zela eta, ohi baino ia 60 kilometro gutxiago egin behar izan dituzte partaideek.

Unai Dorronsorok lehen postuan egin du ibilbidearen parte handi bat, baina amaiera aldera aurreratu du garaileak. Dorronsoro bera izan da bigarrena helmugan; Gerrikaetxeberria baino bi minutu geroago iritsi da. Iazko irabazleak osatu du podiuma. Fidel Fernandez lehiakor aritu da hasieratik, baina Lizarrustin atzean geratzen hasi da, eta, azkenerako, hirugarren postuarekin konformatu behar izan du.

Emakumezkoetan, berriz, Maria Victoria Soler espainiarrak irabazi du proba. 21.52.13ko denbora behar izan du 125 kilometroko ibilbidea egiteko. Solerrek debuta egin du aurten lasterketan, eta pozarren amaitu du.

Euskal herritarra izan da bigarren sailkatua. Eva Lizarralde oiartzuarra igo da podiumeko bigarren koskara, lasterketa 22:16:46ko denboran amaitu ostean. Cristina Batallerrek osatu du podiuma. Katalanak 22:17:43ko denboran osatu du ibilbidea.

Chelo Velasco espainiarra lehen postuan igaro da hainbat kontrolgunetatik, baina Etzegaraten erretiratu egin behar izan du.

Goierriko Bi Handiek ere badituzte garaileak

Olatz Azazeta izan da lehen emakumea Beasainen, Goierriko Bi Handien proban. Altsasuarra ezagun zaharra da, iaz bigarren postua lortu baitzuen. Orduko hartan 12:39:13ko denbora behar izan zuen ibilbidea amaitzeko; aurten, berriz, 13:48:53an amaitu du lasterketa. Alegia, iazkoarekin alderatuta ordubete pasa gehiago behar izan du lasterketa amaitzeko; ordu aldaketaren eragina dela-eta atzeratu dira korrikalariak. Hala ere, bigarren sailkatua baino hiru ordu laurden lehenago iritsi da helmugara.

Raffaela Ciavola gasteiztarrak (14:32:15) eta Leire Martinez santurtziarrak (14:46:45) osatu dute G2H probako podiuma.

Gizonezkoetan, berriz, Ander Iñarra lezoarra izan da lehena helmugan (10:42:43). Emakumeen proban gertatu bezala, iaz baino denbora gehiago behar izan dute gizonezkoek ere ibilbidea osatzeko. Eta Azazetak bezala, Iñarrak ere bigarren egin zuen iaz.

Iñarra garailearen atzetik iritsi dira Mikel Intsausti beasaindarra (11:09:49) eta Aitor Zunzunegi legorretarra (11:22:29). Hirurek osatu dute podiuma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.