Imanol Ansak gaur erantzun dio Oriamendik hari buruz esandakoari. Euskadi Irratian hitz egin du Ansak. Aitortu duenez, «oso gogorrak» izan dira azken asteak, baina zehaztu du «enpresak zer jarrera» zuen kontuan hartuta espero zuela auzia egoera honetara iristea. Argi du bera dela «kaltetuena». «Ni naiz biktima, erremontetik baztertua izan dena. Kezka handia dut nire kirol ibilbideagatik. Haiek hasi dira niri erasotzen, eta nik neure burua defenditu besterik ez dut egin. Oriamendik dauka honen guztiaren erantzukizun osoa. Haiek hausnartu behar dute zergatik jokatu duten horrela».
Ansaren ustez, gaur-gaurkoz, bi aukera ditu: bata, Oriamendirekin duen kontratua etetea; bestea, urtea bukatu arte jokatzen jarraitzea. Hala ere, azpimarratu du txapelketa gehiagotan parte hartuko ez duenez ez duela zentzurik jokatzen jarraitzeak. Hala, «prest» azaldu da enpresarekin daukan kontratua eteteko. Horretarako, ordea, eskatu du Oriamendik berarekin duen «zorra» kitatzeko. Zehaztu duenez, enpresak 7.900 euro zor dizkio.
Oriamendik prentsaurrekoan leporatu zion «bere probetxuari bakarrik erreparatzea», eta Ansak esan du adierazpen horrek ez diola minik egiten, ez delako egia. «Ni ez naiz haiek azaldu duten pertsona hori. Enpresak leporatu dizkidanak entzun eta gero, hemezortzi pilotarik erabateko babesa eman zidaten. Izugarrizko balioa ematen diot bai enpresako pilotari horiek, bai Nafarroako enpresan dabiltzanek emandako babesari. Barruan egon direnek eta gaudenek, egia zein den dakitenek izugarrizko babesa eman didate. Ia denak nire alde daude».
Ansak banan-banan azaldu ditu Oriamendik berari leporatutakoak, eta «gezurra» esatea egotzi dio enpresari. Hark eskatutako soldata igoerari buruz esan du ez zela bera izan hori eskatu zuen bakarra, eta, buruz buruko txapelduna izanik, Aritz Juaneneak ere eskatu zuela soldata igoera, eta hari baietz esan ziotela. Ansak azaldu duenez, partidako 50 euro gehiago jasotzearen truke astean behin gazteak entrenatzeko eskaintza egin zion enpresari. Oriamendik ontzat jo zuen eskaintza hori, baina bi ordainketak batera egitea proposatu zion. Ansak ez zuen hori onartu, aurretik «kobratzeko arazoak» izanak zituelako. Azkenean, ez ziren ados jarri.
«Ni ez naiz haiek azaldu duten pertsona hori. Enpresak leporatu dizkidanak entzun eta gero, hemezortzi pilotarik erabateko babesa eman zidaten. Izugarrizko balioa ematen diot horri»
IMANOL ANSA Oriamendiko erremontista
Erremontari txapelketako botileroari bidalitako mezuari dagokionez, Ansak onartu du ez zituela «hitz egokienak» erabili, baina «mezu eraikitzailea» izan zela, hark «oso serio» hartzen baitu bere lana. Errenterian (Gipuzkoa) jokatu ez zuen partidaz, berriz, azaldu du bederatzi egun lehenago orkatila bihurritu zuela entrenatzen ari zela, eta Kike Elizalde intendentea hantxe zegoela. Ansak esan duenez, bitan idatzi zion Xabi Gonzalez Oriamendiko kudeatzaileari lesioa zuela esateko, baina, hark erantzun ez zionez, Elizalderi deitu zion, eta hark esan zion arazorik ez zegoela. «Justifikatua baino justifikatuago zegoen partida hori ez jokatzea», azpimarratu du.
Zesta ezberdin bat erabili izana onartu du, baina nabarmendu du «pilotari guztiek eta enpresak berak» zutela horren berri. Are, azaldu du Julen Loitegi aritu zela lehen aldiz zesta horren lehen prototipo batekin, 2024an, Endika Barrenetxearekin bikote eginez, eta Barrenetxea IV.ak baiezkoa eman ziola. Horren harira, azpimarratu du berak bakarrik ez, beste bizpahiru erremontistak ere jokatu dutela zesta horrekin.
Ansak, Urnietan (Gipuzkoa) egin zuen agerraldian, arrazoi bat aipatu zuen enpresak hura buruz buruko txapelketatik kanpo uzteko. Zehazki, zera esan zuen: «Gaur egun bi pilotari gabiltza buruz buruko txapelketa gehiago nork irabaziko lehian: Endika Barrenetxea eta ni neu. Joxe Mari Barrenetxea Oriamendiko arduraduna da, eta haren semea da Endika; nire ustez, horrek eragin zuzena izan du erabakian». Ansak iritzi horri eutsi dio gaur. «Azken urteetan ikusi da hori. Ez dute nahi Ansak beste txapel bat lortzea. Endikak lehen atzelaria izan nahi du hiru txapel irabazten, eta ni naiz haren aurkari gogorrena. Endikak nik ez ditudan abantailak ditu: zesten gelako giltza du, zestak ematen dizkizu, pilotak eramaten ditu... Nire ustez, ez dute hori kudeatzen jakin».
Erremontearen etorkizunari buruz, azkenik, azaldu du bi aukera daudela: batetik, Oriamendik aurrera eraman dezakeena; eta, bestetik, Galarretako eta Nafarroako proiektuak batutakoa. Ansak bigarrenaren alde egin du. «Aurrenekoak orain arteko joerari eutsiko dio. Bigarrena, berriz, sanoagoa da, eraikitzaileagoa. Bide hori da onena erremontearentzat».
Lehiari dagokionez, Aritz Juaneneak eta Josetxo Ezkurrak buruz buruko ligaxkako lehen partida jokatu dute gaur, eta Juaneneak 30-19 irabazi dio Ezkurra II.ari.