Imanol Ansa erremontista argi mintzatu da Oriamendik hura Banakako Erremonte Txapelketatik kanpo utzi ostean: «Ez dute lortuko ni erremontetik urruntzea». Urnietan (Gipuzkoa) egin du agerraldia, bere herriko udal pilotalekuan, gertatutakoaren inguruan bere iritzia emateko. «Enpresak hartutako azken erabakia bidegabea da», adierazi du, eta txapelketan parte hartzeko eskubidea zuela defendatu: «Ahaleginak eginda eta emaitzak lortuta irabazi nuen eskubide hori». Ondorengoa ere erantsi du: «Argi geratu da enpresak ez zuela benetako borondaterik irtenbide bat bilatzeko».
Urnietako frontoia beteta zegoen Ansari babesa adierazteko. Familiakoak, lagunak, herriko bizilagunak… gerturatu dira. Horiez gain, erremontistek ez ezik, pilota munduko eta kazetari hainbat gerturatu dira gaurko agerraldira, besteak beste: Jokin Altuna, Iñaki Artola, Unax Landa, Xabier Euzkitze, Juanan Legorburu, Elena Azpeitia eta Eneko Maiz. Txalo artean hartu dute, eta bertaratutakoei eskerrak emanez eta erremontean hasi zenekoa azalduz ekin dio prentsaurrekoari.
Oriamendik atzo aurkeztu zuen buruz buruko txapelketa, baina egun batzuk lehenago jakin zen ez zutela Ansa hautatu bertan parte hartzeko. Aurretik, gainera, hilabeteko zigorra jarri zioten, eta Summer Season txapelketan eta Zarauzko torneoan ez zuen lehiatzerik izan. Hala ere, atzoko aurkezpenean, Xabier Gonzalez Oriamendi enpresako kudeatzaileak baieztatu du Ansak jokatzen jarraituko duela, baina ez txapelketan: «Jaialdiko lehen edo hirugarren partidetan ariko da». Gaurko prentsaurrekoan, Ansak jakinarazi du irailaren 6an Zestoan (Gipuzkoa) jokatzeko deituta dagoela.
«Ahaleginak eginda eta emaitzak lortuta irabazi nuen buruz buruko txapelketan parte hartzeko eskubidea»
IMANOL ANSA Erremontista
Enpresak zergatik zigortu zuen azaldu du: «Esan zidaten Erremontari saioan arazo bat sortu nuela. Txapelketa hasi baino hiru egun lehenago esan ziguten zein botilero izango genuen bikote bakoitzak. Niri ezarri zidaten botileroa ezagutzen nuen, eta, nire ustez, ez zen nire beharretara egokitzen, eta mezu pribatu batean adierazi nion nire beharrak zein ziren. Ez dakit mezua zenbateraino izan zen egokia edo desegokia, baina, nire ustez, funtsean, arazoa da enpresak botileroak ezarri zituela pilotariari kontsultarik egin gabe. Nire mezuaren ostean, botilero horrek erabaki zuen Erremontari saioan parte ez hartzea, eta, bere erabakia justifikatzeko, berarekin izan nuen elkarrizketa pribatu guztia bidali zion enpresari. Adierazi zidaten horregatik jarri zidatela hilabeteko zigorra».
Enpresak ezarritako hilabeteko zigorra bete duela baieztatu du Ansak, eta zer zigor ipini zion azaldu du: «Hilabete jokatu gabe, entrenatu gabe eta Galarretan sartu gabe egon naiz; hilabete egin dut etxetik kanpo». Ados egon ez arren zigorra bete duela dio: «Jarrera ona izan, eta bete egin dut, eta une oro errespetatu ditut enpresak hartutako erabakiak», eta uste zuen zigorra amaitzean normal lehiatzera itzuliko zela. Baina errealitatea oso bestelakoa izan da.
Ansak argudiatu duenez, iazko txapelketan irabazi zuen banakako txapelketan parte hartzeko eskubidea, kirol merezimenduz, hirugarren izan baitzen; eta salatu du lehiatzeko «eskubidea kentzen» ari zaizkiola. Azaldu duenez, bera erremontean dabilenetik, aurreko urteko emaitzak zehazten du jokalari batek hurrengo urteko txapelketan jokatuko duen ala ez. Txapelketaren aurkezpenean, Xabi Gonzalezek ondorengoa esan zuen: «Iaz hirugarren sailkatu zen txapelketan, baina horrek ez dio eskubiderik ematen aurten parte hartzeko».
Ez dela kasu bakana izan salatu du Ansak: «Azken urteotan ikusi dugu nola erremontearen familia zatituz joan den eta hainbat pilotari baztertu edo urrundu diren, enpresak kudeatzeko duen modu horren ondorioz». 2020. urtetik erremontisten ordezkari izateko «ohorea» izan du, eta egin dituzten proposamenak «eraikitzaileak» izan direla gehitu du. Hala ere, esan du Oriamendiren erantzunak ez direla esperotakoak izan: «Enpresaren aldetik ezezkoak bakarrik jaso ditugu, eta ez dugu inoiz sentitu gure iritzia kontuan hartu denik».
«Gaur egun bi pilotari gabiltza buruz buruko txapelketa gehiago nork irabaziko lehian: Endika Barrenetxea eta ni neu. Joxe Mari Barrenetxea Oriamendiko arduraduna da, eta haren semea da Endika; nire ustez, horrek eragin zuzena izan du erabakian»
IMANOL ANSA Erremontista
Azken urtea du hau Oriamendik erremontean, eta, horregatik, Ansak eta beste pilotari batzuek erabaki zuten erremontearen inguruko beste erakunde eta eragile batzuekin batera lanean hastea, «etorkizunaz kezkatuta» baitzeuden. Haren ustetan, Oriamendiri ez zaio gustatu pilotariek hori egitea, eta horretan inplikatu izanak «ondorio pertsonalak eta kirol arloari lotutakoak» ekarri dizkiola esan du Ansak.
Horrez gain, beste arrazoi bat ere aipatu du enpresak txapelketatik kanpo uzteko: «Gaur egun bi pilotari gabiltza buruz buruko txapelketa gehiago nork irabaziko lehian: Endika Barrenetxea eta ni neu. Joxe Mari Barrenetxea Oriamendiko arduraduna da, eta haren semea da Endika; nire ustez, horrek eragin zuzena izan du erabakian».
Erremontea guztiaren gainetik
Haren arabera, helburu bakarra izan du urte hauetan: «Erremonte batuago, sendoago eta gardentasun handiagokoa egitea». Bere egoera salatzeaz gain, «begirunea, elkarrizketa eta tratu berdintasuna» eskatu ditu, eta «erremontearen etorkizuna defendatzea» xede duela azaldu du.
Erremonteak bere bizimodua baldintzatu duela aitortu du: «Askotan erremontea ia guztiaren gainetik jarri dut, goi mailan lehiatu ahal izateko». Adierazi du kirol horri dion «maitasunarengatik» eta harekiko duen «konpromisoarengatik» saiatu dela aukera izan duenean bere alea jartzen: «Afizionatuak eta gazteak entrenatzen; erremontearen etorkizunerako informazioa ahalik eta modu objektibo eta zintzoenean biltzen; pilotariren bat gaizki, triste edo galduta ikusten nuenean, laguntzen; saskien garapenean saiatzen, profesional ona izaten; eta, batez ere, gazteen bidelagun izaten».
Haren hitzetan, aurtengo denboraldia amaitu du, baina erremontearekin duen konpromisoa ez da bukatu: «Etorkizunean ere erremontearen parte izan nahi dut, eta erremontearen familia berriro elkartzeko bidean izango nauzue».
Imanol Ansak aurtengo Buruz Buruko Erremonte Txapelketan jokatzeko irabazi duen kirol eskubidea errespetatzeko agiri bat sinatu dute 102 lagunek, hauek dira horietako batzuk:
Erremontistak: Aritz Eskudero, Iban Larrañaga, Xanti Uterga, Xabi Azpiroz, Josetxo Ezkurra, Kemen Aldabe, Aritz Zubiri, Aritz Juanenea, Patxi Zeberio, Koteto Ezkurra (semea)...
Palistak: Ibai Perez, Iñaki Urrutia, Estaban Gaubeka, Pablo Fusto...
Trinketlariak: Peio Larralde, Battitta Ducassou...
Puntistak: Aritz Erkiaga, Eñaut Urreisti, Xabi Barandika, Unai Lekerika...
Pilotariak: Dario Gomez, Jokin Altuna, Unai Laso, Joseba Ezkurdia, Jon Ander Albisu, Javi Zabala, Peio Etxeberria, Beñat Rezusta, Unax Landa, Jon Mariezkurrena, Iñaki Artola, Erik Jaka, Patxi Eugi, Fernando Goñi III.a, Juan Martinez de Irujo, Ives Salaberri Xala, Abel Barriola, Aitor Zubieta...
Kazetariak: Xabier Euzkitze, Elena Azpeitia, Juanan Legorburu, Imanol Magro, Jon Eskudero, Arritxu Iribar...