Oriamendik gaur erantzun dio Imanol Ansak hilaren 7an prentsaurreko batean esandakoari. Orduko hartan, Ansak kritika zorrotzak egin zizkion Oriamendiri, besteak beste enpresak buruz burukotik kanpo utzi duelako, eta esan zuen emaitzek «jokatzeko eskubidea» ematen ziotela. Xabi Gonzalez Oriamendiko kudeatzailea oso zorrotz mintzatu da gaur, eta «bere probetxuari bakarrik erreparatzea» leporatu dio Ansari. Hala, harengan «konfiantza» berreskuratu ez dutenez, enpresak erabaki du Ansak ez duela txapelketa gehiago jokatuko. Binakakoa da jokatzeko falta den bakarra, Oriamendik bere jarduna bukatutzat eman aurretik. «Erabakiak ez du atzera-bueltarik», azpimarratu du Gonzalezek.
Oriamendiko kudeatzaileak hasieratik esan du «isilik» egotea erabaki zutela pilotari batekin zeuzkaten desadostasunek «harreman profesional eta kontratuzko baten barruan» egon behar zutelako, eta horiek plazaratzeak pilotariari berari eta, bereziki, erremonteari «kalte» egin ziezaiokeelako. Baina, azpimarratu duenez, Ansak esandakoak entzun eta gero, azalpenak eman nahi izan dituzte. Horretarako, agiri luze bat irakurri dute, eta pantaila batean hainbat dokumentu eta sakelako mezu bistaratu dituzte. Kike Elizalde intendentea izan du ondoan Gonzalezek.
Hasteko, adierazi du Oriamendiren eta pilotarien artean sinatutako kontratuek ez dutela aitortzen inolako txapelketatan parte hartzeko «eskubide automatikorik eta lehentasunezkorik». Jarraian, Ansarekin izandako desadostasunen berri ematen hasi da.
Lehenik, azaldu duenez, enpresak eta Ansak abenduan izan zuten lehen desadostasuna. Kontatu duenez, 22 pilotariei jakinarazi zieten enpresak 2026an azken denboraldia egitea erabaki zuela, eta, «zailtasun ekonomiko nabarmenak» izan arren, jardueraren azken urtea bermatzeko baldintza ekonomikoei eutsi zitzaiela. Zehaztu duenez, egoera horren jakitun egonik, Ansa izan zen bere baldintza ekonomikoak hobetzea planteatu zuen bakarra. Enpresak ez zuen onartu Ansaren eskaera, eta aurreko urteko baldintza berberetan sinatu zuen kontratua. Oriamendiren ustez, «Ansak egindako eskaera horrek interes propio eta indibidual bati erantzuten dio soilik, eta ez erremontearen eta pilotarien kolektiboaren interesen defentsari».
Bigarren desadostasuna Erremontari txapelketan izan zen. Azaldu duenez, grabaketak hasi baino bost egun lehenago, pilotari guztiei jakinarazi zitzaien nor izango zen haien kapitain-botileroa, eta Ansa zuzenean jarri zen harremanetan bere kapitain-botileroarekin, izendapenarekin ados ez zegoela adierazteko. Ansak adierazi zion nahiago zuela botilerorik gabe edo berak aukeratutako pertsona batekin lehiatu. EITBra zuzenean joatea ere proposatu zuen, hartutako erabakia aldatzen saiatzeko. Mezu horiek jaso eta gero, kapitain-botileroak uko egin zion bere egitekoari. Gonzalezek azaldu duenez, botileroak Ansari esan zionean mezu horiek Oriamendiri bidaliko zizkiola, Ansak eskatu zion mezuen eduki osoa ez azaltzeko. Oriamendiren ustez, «Ansak egindako eskaera horrek interes propio eta indibidual bati erantzuten dio soilik berriro, eta ez erremontearen eta pilotarien kolektiboaren interesen defentsari».
Hirugarren desadostasuna partiden programazioari dagokio. Gonzalezek kontatu duenez, Erremontariren finalerdietara iritsi ziren pilotariei frontoi motzean jokatzeko partidak antolatu zitzaizkien, programazio bateratu bat izateko eta pilotari guztiak kirol baldintza berberetan iristeko. Denek jokatu zituzten partida horiek, Ansak izan ezik. Gonzalezek azaldu duenez, Ansak bi egun lehenago jakinarazi zuen ez zuela jokatuko, baina ez zuen lesio edo eragozpenen bat justifikatu, orkatilan mina zuela besterik ez. Haren azalpena izan zen nahiago zuela finalerdirako gorde. Gonzalezen iritziz, komunikazio eta iragarpen lanak oso aurreratuta egoteak aurreikusitako programazioa berrantolatzea zaildu zuen. Enpresaren iritziz, «berriro norberaren onurarako egindako jarduera bat izan zen, eta ondorioak izan zituen lankideentzat, enpresarentzat eta babesleentzat».
Zesta ezberdin bakarra
Zestarekin ere izan dituzte desadostasunak, eta, Oriamendirentzat, hori izan da kezka gehien sortu dien gertakarietako bat. Gonzalezek nabarmendu duenez, Oriamendik, bere hamasei urteko jardueran, «sistema komun bat» mantendu du kirol materialari dagokionez. «Helburua oinarrizkoa da: profesionalak baldintza tekniko kontrolatuetan lehiatzea eta aldez aurretik ezagutu, egiaztatu eta balioztatu ez diren materialak alde bakartasunez ezin sartzea. Gaur egun, 22 pilotari daude jardunean Oriamendin. 21ek sistema komunaren menpe dagoen materiala erabiltzen dute. Ansa izan da lehiaketan kanpotik eta material desberdinekin egindako zesta bat erabili duen bakarra, aldez aurretik jakinarazi gabe eta enpresak baimendu edo balioztatu gabe». Gonzalezek zehaztu duenez, lau bider saiatu ziren Ansarekin biltzen azalpenak eman zitzan, eta ez zen behin ere azaldu bilerara.
«Baldintza ekonomiko bat, programazio bat, antolakuntzako erabaki bat edo arau komun bat ez bazetorren bat Ansaren interesekin, hura aldatzeko, saihesteko edo bestelako tratamendu bat lortzeko jardueraren bat gertatzen zen»
ORIAMENDI
Oriamendiko kudeatzailearen arabera, dena hilabete gutxian eta beti pilotari beraren inguruan gertatzen denean, ez da arrazoizkoa gertaera bakoitza bereiz aztertzea. «Enpresarentzat, gertaera guztietan patroi bera egon da: baldintza ekonomiko bat, programazio bat, antolakuntzako erabaki bat edo arau komun bat ez bazetorren bat Ansaren interesekin, hura aldatzeko, saihesteko edo tratamendu desberdin bat lortzeko jardueraren bat gertatzen zen».
Azpimarratu duenez, Oriamendik Summer Season txapelketatik kanpo utziko zuela jakinarazi zionetik, Ansa banakakoan parte hartuko zuela bermatu eta ziurtatu nahian ibili da. «Konfiantza galtzearen ondorioz parte hartze hori bermatu ez zenez, beste pilotari batzuek enpresari presio egiteko jarduerak hasi zituen, erabaki hori atzera botatzeko; jarduera horiek, ordea, bere jarreran eta erabakian berrestera eraman zuten Oriamendi». Horren ondorioa da txapelketa gehiago ez jokatzea.
«Ez dute lortuko ni erremontetik urruntzea», esan zuen Ansak prentsaurrekoan, eta Gonzalezek esan du Oriamendiren asmoa ez dela hori, eta horregatik jarraituko duela txapelketakoak ez diren partidak jokatzen. Irailaren 6an da jokatzekoa hurrengo neurketa, Zestoan (Gipuzkoa). Elizaldek azaldu duenez, Ansa aurreko ostegunetik entrena daiteke, hilabeteko zigorra bete eta gero, eta gaur bertan deitu dio Ansak entrenatzen hasteko.
Ansak prentsaurrekoan esan zuen bera eta pilotari talde bat ahaleginetan ari direla 2027ra begira etorkizuna bermatzeko, Oriamendik jarduna eteten duenerako, eta horrek eragina izan duela gatazka honetan guztian. Gonzalezen arabera, Oriamendik «irmoki» errefusatzen du baieztapen hori. «Enpresak ez die inolako eragozpenik jarri pilotariei —besteak beste, Ansari eta jardunean dauden beste pilotari batzuei— enpresak nola funtzionatzen duen jakiteko eta aztertzeko, etorkizunean jarraipena izan dezan, eta bilerak egin dira pilotarien ordezkariekin. Hala erakusten du bilera guztietan egoera berean zeuden pilotariek parte hartu izanak eta, hala ere, besteek normal-normal lehiatzen jarraitu izanak».
Kritika «lotsagarriak» barrenetxeatarrei
Gonzalezek bereziki zerbait gogor salatu badu, Ansak Endika eta Joxemari Barrenetxearen interes pertsonalak aipatu izana salatu du. «Harreman profesionalean hainbeste urte eman ondoren, erdeinagarria, zitala eta lotsagarria iruditzen zaigu halako iradokizun larria egitea, zeina, gainera, inolako frogarik aurkeztu gabe egin baitzen. Gauza bat da Oriamendiren erabakiekin bat ez etortzea, eta beste bat, oso bestelakoa, bi pertsonaren osotasun pertsonala eta profesionala zalantzan jartzea, inola ere egiaztatu ez diren interes partikularrak egotziz». Horren harira, kazetarien galderei erantzunez, Gonzalezek esan du Ansaren agerraldira joandako asko erremontistak buruz burukoa jokatzeko eskatzeko joan zirela, eta ez daudela ados han esandako gauza batzuekin.
Bukatzeko, azpimarratu du ez dutela gehiago hitz egingo gaiaz, eta azken bost hilabeteetan «erremonteaz gozatu» nahi dutela, eta, batez ere, «ahalegin guztiak» benetan garrantzitsua den horretan bildu: «azken egunera arte modalitate honen jarraipenaren eta etorkizunaren alde lan egiten» segitu nahi dute.
BERRIA Ansarekin jarri da harremanetan, eta agindu du larunbatean hitz egingo duela, Oriamendik esandakoak «ondo» aztertu eta gero.