Ion Ansotegik gaur eman du lehen prentsaurrekoa Realeko lehen taldearen behin-behineko entrenatzaile gisa, atzo klubak Sergio Francisco kargutik kendu ondoren. Klub txuri-urdinak hori iragartzeko oharrean nabarmendu zuen prestatzailea urtea amaitu bitarte geratzen diren bi neurketetan izango dela aulkian: Eldenseren aurka bihar, Espainiako Kopako partidan (21:00, Movistar+), eta Levanteren kontra larunbatean, Ligakoan. Eta zer egin dezake entrenatzaile batek bi partidatan, taldearen egoera hain zaila izanda? Hona hemen teknikariaren erantzuna: «Jokalariak libre senti daitezen saiatuko naiz, eta beren bertsiorik onena eman dezaten. Izan ere, horietako asko ondo aritu arren, beste batzuek gehiago eman dezakete, horretarako gai direla erakutsi baitigute azken urteetan. Jokalariek bakarka hobetzen badute, talde moduan ere hobetuko dugu. Entrenamenduetan hasi behar dugu horretan, eta gero partidetan erakutsi».
Argi du bi partidatarako izango dela aulkian. Hala izanda, aukera edo zama den galdetu diote: «Ez nuke jakingo. Hauxe da egoera, eta horri helduko diot. Buruan dudan bakarra bi partidak irabaztea da». Onartu du ez diola denbora eman egoera barneratzeko: «Atzo iritsi ginen Coruñatik, eta bete-betean aritu gara Eldense aztertzen, eta bi lan saioak prestatzen». Atzo egin zuen lehen entrenamendua taldearekin. Hauxe izan zen eman zien lehen mezua: «Jokalari gehienak aspalditik ezagutzen ditut, eta alde horretatik oso erraza izan da. Protagonistak beraiek direla esan nien, eta beren esku dagoela Realak gora egitea, gai direla horretarako». Onartu du hasiera zaila izan zela. «Entrenatzaile bati agur esatea ez da samurra. Pertsonak gara, eta denei eragiten digu. Gainera, egoera halakoa denean, jokalariek konfiantza falta izan ohi dute. Baina, ondoren, lan egiteko gogoz dagoen multzo bat ikusi nuen».
Beraz, arlo psikologikoari eta tekniko-taktikoari lotutako mezuak eman dizkie bi egun hauetan jokalariei, denek biharko neurketa oinarri dutela. Argi du biharko partida dela garrantzitsuena, Kopako final-zortzirenetarako sailkatzea baitute jokoan: «Neurketarik inportanteena beti izaten da hurrengoa». Horrenbestez, honela aztertu du Eldenseren aurkako lehia: «Jokalari nintzen garaian Kopari ez zitzaion hainbeste garrantzi ematen. Azken urteetan, ordea, klubarentzat oso txapelketa garrantzitsua izan da. Gauza handiak eman dizkigu, eta irudipena dut Reala hura irabazteko borrokan egon dela. Oso gustuko dut, eta bete-betean lehiatuko gara».
Ikusi gehiago
Aurkariaz hauxe esan du: «Bigarren Mailatik jaitsi berria da. Eskarmentu handiko jokalariak ditu, eta baloiarekin ondo moldatzen dira, batez ere atzetik ateratzeko garaian. Partida gogorra izango da, eta gure egitekoa hauxe izango da: ondo lehiatzea, eta, kategoriei erreparatuta, bi taldeen artean dagoen aldea erakustea eta berrestea. Hasiera-hasieratik egin behar dugu ahalegina. Askotan hori da zailena. Buruz buruko lehiak irabazi behar ditugu, eta baloiarekin ondo aritu».
Eldara (Herrialde Katalanak) bidaiatuko duen jokalari multzoaz zera adierazi du: Yangel Herrera, Oskarsson, Oiartzabal eta Ruperez min hartuta daudela oraindik. Barrenetxea ere ez da partidan izango, ostiralean, Gironaren aurka, min hartuta utzi baitzuen zelaia atsedenaldian. Hori dela eta, bigarren taldeko bi jokalari lehenengo taldean aritu dira entrenatzen: Arkaitz Mariezkurrena eta Lander Astiazaran.
Eldensek Espainiako Federazioko Lehen Mailan jokatzen du; hau da, Realak baino bi kategoria beherago; B multzoan ari da, eta zazpigarren dago sailkapenean. Asteburuan, 1-0 irabazi zion Tarazonari. Kopako lehen kanporaketan Jaen kanporatu zuen, 1-3 irabazita; bigarrenean, berriz, Almeriari gailendu zitzaion: 2-1. Claudio Barragan da taldeko entrenatzailea, Azaroan hartu zuen kargua, Javi Cabelloren ordez. Barraganek urte askoan jokatu zuen Lehen Mailan, besteak beste, Deportivon.
Eibarrek Elx hartuko du
Eibarrek ere bihar jokatuko du Kopako partida, etxean, Elxen aurka. Beñat San Josek zuzentzen duen taldea estu dabil ligan. 20. postuan dago, jaitsiera postuetan, 18 puntu bilduta. Asteburuan 0-0 berdindu zuen Cordobaren aurka. Baina helburu bat zuten: gutxienez Kopako partida bat etxean jokatzea. Eta, lortu dute; izan ere, etxean jokatuko dute bihar (19:00, Movistar+). Lehen Mailako aurkari bat izango dute aurrean, gainera: Elx. Eder Sarabia da taldeko entrenatzailea, eta, taldea igo berria den arren, oso denboraldi ona egiten ari da Lehen Mailan. 19 puntu ditu, eta hamaikagarren dago sailkapenean.
Ezusterik ezean, San Josek txandakatzeak egingo ditu hasierako hamaikakoan, ostiralean ligako partida baitute eibartarrek, berriro etxean, Valladoliden aurka (20:30)