Sergio Francisco: datuek, jokatzeko ideien faltak eta bulegoetako plangintzak kondenatu dute

Teknikaria atzo kargugabetu zuten. Hamasei partida zuzendu dizkio Realari Ligan, baina erdiak galdu egin ditu. Teknikariak ez du lortu taldeak aurreko denboralditik zeraman joko eta emaitza joera txarra aldatzea. Jaitsiera postuak bi puntura ditu.

Sergio Francisco Realeko teknikari ohia. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Sergio Francisco Realeko teknikari ohia. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko abenduaren 15a
12:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu da Sergio Franciscoren aroa Realean. Urrian gertu izan zuen amildegia. Baina Carlos Solerrek azken unean Vigon sartutako gol bati esker, txuri-urdinek bana berdindu zuten, eta prestatzaileak karguari eutsi zion. Ordurako klubak zenbait entrenatzailerekin hitz egin zuela zabaldu zen. Hurrengo bost norgehiagoketan taldeak egoera irauli zuen. Hiru garaipen eta bi berdinketa lortu zituen, eta bazirudien arnasa hartu zuela, proiektua aireratzen hasia zela. Baina azken hiru partidak galdu eta gero, soka berriro tenkatu da, hausteraino. Jokin Aperribai Realeko presidentearen eta Erik Bretos kirol zuzendariaren liburu berrian hamasei orrialde baino ez ditu idatzi Irungo prestatzaileak. Hamasei jardunaldi, horixe iraun die talde txuri-urdineko kirol arduradunei etxeko teknikariaren aldeko apustuak. Badirudi orain kanpora joango direla idazle berriaren bila. Aperribaik bere aroan izango duen hamargarren teknikaria izango da. Bretosek eta Aperribaik ere badute erantzukizunik gertatu denean, baita jokalariek ere, baina halako egoeretan ahulena joan ohi da kanpora: entrenatzailea. Datuek, jokatzeko ideia bat ezartzeko ezintasunak eta udako plangintza txarrak kondenatu dute.

Datuen eta emaitzen zama

Normalean emaitza txarren ondorioz kargugabetu ohi da entrenatzaile bat, eta horien atzean taldearen egoera islatzen duten datuak daude. Sergio Franciscok hamasei partida zuzendu ditu ligan Realaren aulkian, eta guztira hamasei puntu bildu ditu. Hau da, puntu bat jardunaldiko. Atzerago joanda eta urte osoa kontuan hartuta, hau da, Imanol Alguacilen urtarril eta ekain bitarteko datuak kontuan hartuta, ikusten da Sergio Francisco ez dela gai izan egoera iraultzeko, baizik eta aurrekoari eutsi diola. Eta Aperribaik eta Bretosek ere ez dituztela erabaki egokiak hartu bulegoetan hori aldatzeko. Izan ere, urte osoan jokatu dituen 35 partidatan 34 puntu baino ez ditu lortu. Partidako puntu bat ere ez du lortu. 35 partida horietatik 19 galdu ditu, erdiak baino gehiago. Horri gehitu behar zaio taldeak urte eta erdi pasa egin duela partida baten emaitza irauli gabe: 2024ko martxoaren 9tik, Granadan (2-3), aurtengo azaroaren 22ra arte, Iruñean (1-3).

Teknikaria aulkian egon den ligako hamasei partidetan Realak zortzi porrot, lau berdinketa eta beste horrenbeste garaipen izan ditu. Hau da,  partiden erdiak galdu egin ditu. Gainera, soilik 226 minutu egon da aurretik markagailuan. 2010-2011ko denboralditik aurrerako datuak kontuan hartuta, soilik behin egon da puntu gutxiagorekin jardunaldi honetan: 2014-2015eko denboraldian: 15 zituen orduan. Azkenean hamabigarren amaitu zuen sailkapenean, 46 punturekin. Orduan ere etxeko teknikari bat zegoen aulkian: Jagoba Arrasate. 10. jardunaldian 1-0 galdu zuen Malagaren kontra, eta David Moyes fitxatu zuen orduan Realak.

Hurrengo denboraldian hamasei puntu pilatu zituzten, denboraldi honetan bezalaxe. Realak 11. jardunaldian kargugabetu zuten Moyes, Las Palmasen aurka 2-0 galdu eta gero. Eusebio Sacristani eman zioten taldea zuzentzeko ardura, eta Realak bederatzigarren tokian amaitu zuen sailkapenean, 48 punturekin. Urruti daude Imanolen arorik distiratsuenetan 16. jardunaldian Realak zituen puntuak: 2020-2021eko eta 2021-2022ko denboraldian 29 zituen; 2022-2023ko denboraldian, berriz, 32, orain halako bi. Txapeldunen Ligarako sailkatu zen urtea izan zen.

Beñat Turrientes Realeko jokalaria, Gironaren aurkako partidaren amaieran, 1-2 galdu ondoren.
Beñat Turrientes Realeko jokalaria, Gironaren aurkako partidaren amaieran, 1-2 galdu ondoren. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Joko ideia bat ezarri ezinik

Imanolen aroa amaitzearen arrazoietako bat zera izan zen: hainbesteko distira egin zuen, jokoaren ideia agortu egin baitzen. Reala zuzen jokatzetik horizontalean jokatzera pasatu zuen. Pasea bata bestearen atzetik emanda, baina minik egin gabe. Hala, aurkarientzat erraza zen haren jokamoldea aurreikustea eta moztea.

Aperribaik eta Bretosek Sergio Franciscoren alde egitea erabaki zuten, Realaren bigarren taldean egiten ari zen lan ona zela eta. Ausart eta zuzen jokatzea, horixe zen talde horren esentzia, bere garaian Imanolenak egiten zuen bezala. Hori berreskuratu nahi izan zuten. Sergio Francisco saiatu da horretan, baina ez du lortu Imanolen azken denboraldiko joerarekin haustea, jokatzeko ereduari dagokionez. Apur bat zuzenago jokatu duen arren, partida askotan jokatzeko ideiarik izan ez duen talde bat izan da. Adibiderik argienak azken bi partidetan ikusi dira: Alavesen aurkako lehen zatian, eta Gironaren aurkako bigarrenean.

Defentsako lanetik hasita, Reala talde biguna izan da. Hamasei partidetan soilik behin utzi du atea hutsean: Mallorcaren aurka: 1-0. Bitan baino ez da joan atsedenaldira abantailarekin, eta zazpitan markagailuan atzetik zihoala. 24 gol sartu dizkiote guztira: 1,5 partidako. Bere atetik baloia gehien atera behar izan duten taldeetan bosgarrena da. Girona da gehien jaso duena, (30); atzetik, berriz, Levante ―28, partida bat gutxiagorekin―, Oviedo (26) eta Valentzia (30) daude.

Gol horietako gehienak lehen zatian sartu dizkiote: 13; bigarrenean, berriz, 11. Esanguratsua da lehen zatiko azken 15 minutuetan eta bigarreneko lehen ordu laurdenean 13 sartu dizkiotela. Geldikako jokaldietan, sei. Aurreko denboraldian, jardunaldi honetan Realari 11 gol baino ez zizkioten sartuak. Remirok zalantzak izan ditu neurketa askotan, eta erdiko atzelari postuan aldaketa asko egin ditu teknikariak. Duje Caleta-Carrek eskas jardun du, Zubeldia min hartuta egon da, eta hasieran Sergio Franciscok ez zuen Jon Martinen alde egin. Dena den, falta gehien egiten duten taldeetan bigarrena da: (252). Alaves baino ez du atzetik. Baina, Sevillarekin, txartel gorririk atera ez dioten talde bakarra da.

Erasoan aspalditik ditu arazoak: oso kamuts ari da Imanol Alguacilen arotik. Oiartzabal izan da denbora askoan arlo horretan taldeari babak eltzetik atera dizkiona. Denboraldi honetan hori zertxobait aldatu da. Hogei sartu ditu, eta ligan gehien sartu dutenetan zazpigarrena da. Gainera, hainbat jokalariaren artean banatu dituzte. Bederatzi jokalarik lortu dute aurkariaren atea zulatzea. Oiartzabalek bost gol daramatza; Guedesek, Brais Mendesek eta Barrenetxeak, hiru; Carlos Solerrek, bi; eta Gorrotxategik, Kubok, Oskarssonek eta Odriozolak, bana. Ligan, atera jaurtiketa gehien egin duten taldeetan bosgarrena da (75), Bartzelona, Real Madril, Atletico eta Vila-Realen atzetik.

datua

15

Sergiok hamasei jardunalditan zelairatutako hamaikako desberdinak. Hamasei partidatan hamabost hamaikako diferente zelairatu ditu entrenatzaileak. Minutu gehien jokatu duen hamaikakoa hau litzateke:  Remiro, Sergio Gomez, Caleta Car, Zubeldia eta Aranburu; Gorrotxategi, Soler, Brais; Barrenetxea, Oiartzabal eta Kubo. Baina hamaikako horrek behin baino ez du jokatu elkarrekin: 6. jardunaldian.

Kontuak kontu, hamaikakoa topatu ezinda ibili da Sergio Francisco. Zergatik? Batetik, lesioengatik. Oraintxe min hartuta daude, adibidez, Oiartzabal, Oskarsson eta Yangel Herrera. Gainera, Kubo, Zubeldia eta Barrenetxea ere lesionatuta egon dira hainbat partida. Bestetik, denboraldia aurrera joan ahala hainbat jokalariren aldeko apustua aldatu egin du prestatzaile ohiak: atzeko lerroan Caleta-car titular izan da lehenbiziko bederatzi partidetatik zortzitan, eta azken zazpietatik, bakarrean. Aldiz, Jon Martinek kontrako bidea egin du: 10. jardunalditik hona hamaikakoan izan da partida guztietan, baina hasierako bederatzi jardunaldietan behin baino ez zen hasieratik zelairatu. Zelai erdian, berriz, antzeko zerbait gertatu da Pablo Marinekin. Hamaikakoan irten zen lehen zazpi partidetatik seitan, baina gero behin ere ez da izan titular. Soler denboraldia hasita iritsi zen, eta pixkanaka Marinen lekua hartuz joan da.

Plangintza kaskarra

Baina dena ezin zaio Sergiori leporatu. Aperribaik eta Bretosek ere badute erantzukizunik partez, baita Roberto Olabe kirol zuzendari ohiak ere. Taldeak oso jokalari garrantzitsuak galdu ditu azken urteetan: Alexander Isak, David Silva, Mikel Merino, Robin Le Normand, Martin  Zubimendi… Diru zorroa majo bete zuen talde txuri-urdinak. Haien ordez ekarri dituzten jokalariek, ordea, ez dute aparteko mailarik eman oraingoz. Argigarria da aurreko ostiralean Gironaren aurka jokatu gabe geratu ziren jokalariak: Sadiq, Sucic eta Caleta-Car. Bestalde, Javi Lopez utzita dago, eta Oskarssonek apenas jokatu duen, min hartuta egon delako. Zakharian ere min hartuta egon da denbora luzez.

Aurten ere, teknikariak ezinbestean eskatu zuen jokalariaren soslaia azken unean iritsi zen: Yangel Herrera. Baina min hartuta zegoen, eta urrira arte ez zuen debuta egin. Ondoren, gainera, lesionatu egin zen berriro, eta urtea hasi arte ez da itzuliko. Bestalde, Bretosek esan zuen talde orekatua dutela, baina agerian geratu da taldea indartu beharra dagoela; zelai erdiko hainbat postutan, berriz, jokalari gehiegi dituzte.

Orain bere agintaldiko hamargarren teknikaria fitxatu beharko du Aperribaik. Badirudi oraingoan ez duela etxeko entrenatzaile baten alde egingo. Thiago Mottaren, Luis Garcia Plazaren, Javier Garcia Pimientaren, Marco Rosen eta Pellegrino Matarazzoren izenak aipatu dira. Ezinbestean asmatu beharko dute hautaketan, batetik zaleak jada hasi direlako bulegoetara begira, eta bestetik jaitsiera postuak bi puntura dituztelako. Talde txuri-urdinari datorkion egutegia, gainera, zaila da: Levante eta Getafe kanpoan, eta Atletico Madril eta Bartzelona etxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.